Zinegotzi izatetik alkate izatera pasatzearen erabakia aitzinetik hartua zuten, beraz ez du sorpresaz harrapatu kargua eta ardurak handitu zaizkion arren gustura dabil eginkizun berrietan. Alkatea pertsona bakarra izaten da, baina Ortuostek «gu» errepikatzen du aunitzetan karguari buruz solas egiten duenean, gauza aunitz taldean bizi dituelako. Egun bakoitzak zer ekarriko dion ez dakien arren, bazekien Ttipi-Ttaparekin hitzordua zuela alkatetzako lehen sei hilabeteen balantzea egiteko eta halaxe ekin diogu solasaldiari.
Otsail bukaeran hartu zenuen alkate kargua, ze balantze eginen zenuke ordutik hona?
Orokorrean egiten dudan balantzea edo balorazioa ona da, aunitz ikasten ari naiz eta orain uda lasaiagoa izan denez gehiago ikasteko aprobetxatu dut. Sei hilabete hauetan, momentu potenteak bizitzea tokatu zait, agian espero ez nituen egoerak eta pandemiak horrelakoak ekarri ditu ohartu egin gabe. Momentu horiek pixka bat estresatu naute eta pasatzea ere pixka bat kosta da, baina gustura nabil.
«Alkate izatea edo zinegotzi izatea desberdina da»
Leire ORTUOSTE, Doneztebeko alkatea
Aitzinetik zinegotzi aritu izanak zertan lagundu dizu?
Desberdina da zinegotzia izan edo alkate izatea. Ez nuke erranen antzik ez dutenik, baina desberdina da. Zinegotzi izanda gai batzuk bertzeak baino gehiago menperatzen nituen. Kultura, berdintasun eta turismo zinegotzia nintzen eta arlo horiek menperatzen nituen, horietan aritzen nintzelako. Nahiz eta lantaldean bertzeen berri izan eta jakin bertze arlotan zertan aritzen ziren ez nituen hainbertze lantzen. Gauza aunitzetan denen artean hartzen genituen erabakiak, eta zertan aritzen ziren jakiteak eman dit gaien gaineko halako ikuspegia. Baina oraingo ardurarekin aunitz ikastea tokatu zait.
Zertan aldatu zaizu herriarekiko zenuen ikuspegia?
Herriarekiko ikuspegian ez dut alde handirik sumatu, zinegotzi izanda ere hagitz hurbil egon izan naizelako perspektiba horretatik. Aizineko agintalditik Xanti (Uterga) eta Pello (Grazenea) alkate eta bigarren alkateordearekin eskuz esku aritu naiz lanean eta lan aunitz egin dugu modu horretara. Horrek jada emana zidan Donezteberekiko nahiko ikuspegi globala.
Zubietako zinegotzi eta alkate ere izan zinen aitzinetik. Doneztebera salto handia al dago udalgintzan?
Ez du deus ikustekorik. Doneztebe 1.800 biztanleko herria da eta Zubieta biztanle aldetik ez da laurdena ere. Donezteben arloka egiten dugu lan eta Zubietan ia dena batera lantzen da. Doneztebeko Udalak 24 langile ditu, musika eskola, haur eskola, merkataritza, trafikoa eta bertze hainbat gauza kudeatu behar dira. Lan egiteko modua eta kudeaketa hagitz desberdinak dira.
«Xanti Uterga ondoan izanda, bertigoa txikiagoa da»
Leire ORTUOSTE, Doneztebeko alkatea
Zainetan daramazu udalgintza edo herrigintza?
Hori askotan galdetu izan didate, ez delako ohikoena bi herritan alkate eta zinegotzi izatea. Zubietan parean tokatu nintzen. Taldea osatu behar zen eta kasualitatez sartu nintzen, bertako alkate izatea nolabait egokitu egin zitzaidan, horrela tokatu zelako. Doneztebeko zinegotzi izatea ere antzekoa izan zen, aitzineko agintaldian taldea osatu behar zen, gero jarraitu egin genuen eta ondotik alkatetza hartzea aitzinetik solas egina genuen.
Ez da ohikoena agintaldi erdian Kargu aldaketa egitea. Zergatik hartu zenuten erabakia?
Gure taldearen bigarren legealdi honetan jende berria sartzea zen helburua eta erabaki hau ere taldean hartu genuen. Alkate izateko pausoa ematea ez da erraza eta azkenean Xantik (Uterga) eman zuen berriz ere. Hala ere sobera pisu ez izateko, aitzinetik lau urte eginak zituelako, alkate aldaketa egotearen aukera jarri genuen mahai gainean. Xantik ere baditu bere lan eta bizitza pertsonaleko proiektuak eta horrela berarendako ez zen agintaldi hain luzea suertatu eta hurrengoari, kasu honetan niri, denbora eman dit pixkanaka prestatzen joateko. Hasieratik alkatetza kargu konpartitua izan dela erran daiteke. Halaxe bizi dut, taldeko zerbait da. Kanpotik ulertzeko agian ez dirudi erraza, baina guk argi ikusi genuen nola eginen genuen eta nola moldatuko ginen.
Pandemia erdian kargua hartu beharrak ez al zizun bertigorik eman?
Bertze hainbat gauza nituen buruan eta momentuan ez nuen horretan pentsatu ere egin. Ez nuen pentsatu oztopo haundirik izanen zela bidea hartutakoan. Egia da, hilabeteak pasatu ahala nahiko momentu gogorrak izan ditugula eta erabaki aunitz hartu behar izan ditugula. Horrek denbora kendu digu bertze lan batzuk egiteko. Kargua hartutakoan baino gehiago ondotik sentitu dut pandemiaren bertigoa.
Krisi sanitarioak zertan eragin du alkatetzan?
Eraikin publikoetako protokoloetan eragin zuzena izan du, musika eskolan, haur eskolan eta kiroldegian adibidez. Txertaketak ere egunerokoan eragin digu eta osasun etxearekin lanean aritzea tokatu zaigu. Hasieran Malerrekako txertaketa eraman behar izan genuen, orain eskualdekoa dagokigu eta horrek aldaketak egitera behartu gaitu. Etxeratze aginduaren berri ematea, udaleko langileen bajak, ordezkapenak, beti suertatzen dira azken ordukoak eta horrek alertan egotera behartzen zaitu etengabe.
Nolakoa da zure egunerokoa alkate bezala?
Egun guztiak desberdinak dira, agendan dena txukun apuntatuta izan arren, jaiki eta ez dakizu egun horretan zer gertatzen ahal zaizun. Ahal dugun bezala eta ahal dugun hobekien eramaten saiatzen gara. Udal talde hagitz ona dut, hagitz harreman ona eta estua dugu eta denak daude beti laguntzeko. Alde horretatik babes hori izatea haundia da eta ez nago kexatzeko.
«Ez besten ondotik udala kudeatzea ez zen erraza izan»
Leire ORTUOSTE, Doneztebeko alkatea
Xanti Uterga, aitzineko alkatea, ondoan izateak zertan laguntzen dizu?
Berak sei urte egin ditu alkate eta esperientzia hori baduela nabaritzen zaio. Bere iritzia, eperientzia eta laguntza beharrezkoa eta ezinbertzekoak dira niretako. Edozein zalantza argitzeko hortxe dago beti eta Xanti ondoan izanda lehen aipatutako bertigoa txikiagoa izan da.
Nola uztartzen duzu alkatetza lanarekin, familiarekin eta zaletasunekin?
Hori da agian gehien kosta zaidana, izan ere, alkate asteko zazpi egunetan eta eguneko 24 ordutan zara, nahiz eta deskonektatzen saiatu. Lanean jarraitzen du eta familiarendako ere denbora gutxiago dut, hilabeteak pasata neurria hartu diot eta eurak ere bai. Lagunen eta familiaren babesa dut eta horrek ere aunitz laguntzen dit egunerokoan.
Zein izan da hilabete hauetan hartu duzun erabakirik gogorrena?
Ez besten ondotik herrian positiboen kasuak goiti egin zutenean egun zailak izan ziren. Udalean langileen bajak, altak, herritarren positiboak, itxialdiak… Udala kudeatzea ez zen erraza izan. Lan handia pilatu zen 15 egun izan ziren, agenda guztia bertan behera utzi beharra, igerilekua zabaldu eta segituan ixteko erabakia hartzea. Buruhauste gehien izan genuen momentua izan zen. Herritarrek ulertu zuten ez zela momentu erraza inorendako, babes hori sentitzeak ere lagundu zigun egoerari eusten.
«Erronka trafikoarekin dugun afera konpontzea da»
Leire ORTUOSTE, Doneztebeko alkatea
Zein dira Doneztebeko Udalaren datozen hilabeteetako erronkak eta proiektuak?
Erronka handiena herrian trafikoarekin dugun afera konpontzea da. Bi karriketan moldatze lanak egin behar ditugu, herri osoan pintaketak egingo ditugu, aparkalekuak markatu eta seinaleak paratu. Herriaren erdigunean oinezkoen eta autoen espazioa definitzea da gure asmoa.
Agian goiz da, baina hurrengo agintaldira aurkeztuko al da Leire Ortuoste?
Orain agintaldi hau ateratzea da dugun helburu bakarra eta indar guztiak honetan jarriak ditugu. Ondotik zer eginen dugun? Auskalo, baina gustatuko litzaidake jende berria sartzea. Bertze ikuspegi bat duena, hori ona delako zentzu guztietan herri batendako.