Mikel Retegi Urroz

«Herriak elkartuta segitzeko Burrunba ezinbertzekoa da»

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 19a, 09:00

Orain bortz urte sartu zen Gazte Burrunban Mikel Retegi eta ez da damutu.

Herria bizirik eusteko eta herritarrak elkartzeko lan egiten du Doneztebeko Gazte Burrunbak. Horregatik eta horretarako jo zuen elkarteko atea orain bortz bat urte Mikel Retegi Urrozek (Doneztebe, 1997). Gaur egun, bertze hamar lagunekin batera, batzordeko kidea da Retegi eta «urte batzuez» behintzat halaxe segitzeko asmoa du.  

«Lagun artean eta giro onean» egotea du gustuko Doneztebeko gazteak eta argi du zaletasunei bide emateko, elkartzeko eta gozatzeko aukerak sortu behar direla. Horren gustuko dituen «futbola, mendia, surfa... edo bertzelako kirol ekintzek» eta ospakizunek irekitzen diote bidea. Eta nola ez, zerbait izateko aitzinetik dena behar bezala antolatu egin behar izaten da. Bide horri tiraka sartu zen Gazte Burrunban: «herria bizirik mantentzeko pieza nagusiena horixe dela pentsatzen dut eta herrian ekintzak antolatzen direnean batasuna sortzen da...». 

Zailtasunei ilusioa gainjarriz

Azken aldian, pandemiak eragindako egoera tarteko,  Nafarroako Gobernuak ezarritako segurtasun neurriengatik, «herria elkartu eta ekintza bereziak antolatzea ezinezkoa» izan zaie. Eta, ondorioz, Burrunbak antolatzen dituen «besta ttikiak, inauteriak eta urtean zehar egiten diren bertzelako planak» alde batera utzi behar izan dituzte. Onartu duenez, «pena handia» izan da eurentzat «gazteak elkartzeko aukera hori ez izatea», baina, modu berean, «ulergarria» izan delakoan dago Retegi: «bizi dugun egoera larria delako».

«Urtean zehar egiteko hainbat ekitaldi ditugu buruan» 

Mikel RETEGI, Doneztebeko gaztea

Denbora tarte honetan guztian ilusioari eutsi diote eta ez dute ereindakoa eta egindakoa bazterrean utzi: «pandemia egoeran edozer antolatzeko zailtasunak izan ditugu eta oraindik ere zailtasunak badaude baina hilabetean behin egoera aztertzeko eta erabakiak hartzeko bildu gara». Orain, gainera, argia ikusten hasiak dira: «egoera hobetu dela dirudienez bilera gehiago egiteko esperantza dugu». 

Besta ttikiei «keinu egiteko» lanean

Bilerak eta ekitaldiak eskutik heldu dira. Izan ere, irailean egitekoak zituzten besta ttikiei begira «keinu ttikiren bat» egiteko lanean ari dira: «oraindik aunitzik ezin dut erran, momentu honetan horretan ari garelako baina zerbait egiteko asmoa badugula aitzineratuko dut».

Lehendik ere ez da saiatu faltan izan. Udan burua martxan ibili zuten eta, nahiz eta ez duten aitzinera eramaterik izan, esku artean hitzordu polita izan zuten: «uztailean mendi irteera bat egin nahi genuen baina agerraldi bat tarteko bertan behera utzi behar izan genuen».

Zuhurtziaz jokatuko dute, eta hori argi diote: «zer egin daitekeen eta zer ez bereizten ari gara baina aitzinera eraman daitezkeen ekintzak izanen dira, horiek lantzen ari gara buru-belarri». Hortik harago ere jo nahi izan dute, «urtean zehar egiteko ideia gehiago ere» badituztela jakinaraziz. Momentuz, herritarrei «prest egoteko» eskatu diete: «Gazte Burrunba indartsu heldu da eta».

Herritarren beharra

Elkarteak herria eta herriak herritarrak behar dituztela argi dute Burrunban daudenek. Eta gaur egun «122 bazkidek» osatzen dutenari etorkizunean «aunitz gehiago» gehitzea nahi dute, lanak eta parte hartzeak norabide berean jo behar dutelako. Hortaz, «jendea bazkide egitera animatzearekin» batera, zenbat eta gehiago izan hobe dela ikusarazi nahi izan du Retegik: «azken batean Gazte Burrunbako bazkideek urtean 20 euroko kuota bat ordaintzen dute baina horrekin herritar guztientzat ekintzak antolatzen dira».

«Jendea bazkide egitera animatu nahi dugu»

Mikel RETEGI, Doneztebeko gaztea

Bide batez, elkartearen prestutasuna nabarmendu nahi izan du, beti hor daudela eta egonen direla oroitaraziz: «herrian edozer antolatzen denean Gazte Burrunba esku bat botatzeko prest izaten da beti». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun