Bidane Madariaga sunbildarra ere ETB1eko Baserria saioan izanen da

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 15a, 08:30

Igandean, irailaren 19an, hasiko da ETB1eko Baserria saioaren denboraldi berria, eta Camilo Astiz lesakarraz gain, eskualdeko bertze ordezkari bat izanen da: 23 urte dituen Bidane Madariaga sunbildarra. ETBen aurkeztu dutenez, «betitik izan du baserri munduarekin lotura» eta «emakumezkoak baserrian beharrezkoak direla aldarrikatzea» izanen du helburu.

ETBk aitzindu duenez, Madariagaren «aita eta ama, biak, baserritarrak dira. Bere mutil-laguna, elgoibartarra, baserritar peto-petoa da. Aitaginarreba idi probetan eta ardien lehiaketetan aritzen da. Eta bera ederki aski moldatzen da baserriko animaliekin. Gustuko ditu simaur usaina, baratzea, eta txerriei, ahuntzei, ardiei, oiloei … jaten ematea. Hori bai, behien gibeletik ibiltzeari errespetua dio, ostikoren bat edo bertze hartu duelako. Egun, atautxi-amatxiren baserrira eta bikotekidearen etxera joaten da baserriko lanetan laguntzera». 

Pertsona «autonomoa» dela dio ETBk. «Ttikitatik du barneratuta gauzak bere kabuz lortu behar dituela. Hala, 16 urterekin hasi zen lanean ostalaritzan. Erizaintzako laguntzaile ikasketak egin zituen, erdi mailako gradua, eta Elizondoko psikiatrikoan aritu zen bi urtez. Orain, Sunbillako ostatuan dihardu lanean». Gainerakoan, «pertsona positiboa» dela adierazi dute, «pixka bat burugogorra, eta hurbilekoa. Ezin ditu jasan injustiziak, eta gauzak aurpegira erraten ditu, baina errespetuz, beti ere». 

Madariagak, berriz, «tradizionala» dela aitortu du, «baina hori bai, feminista». Bere etxean «betitik gizonezkoek agindu» dutela dio; «Emakume baserritarrak nire familian diskriminatuak egon dira, emakumeak izateagatik bakarrik». Hori horrela, Baserria saioan, «emakumezkoak baserrian beharrezkoak direla aldarrikatzea» izanen da bere helburua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun