Bortz txirrindularik hobetu dute IX. Arretxeko bordako kronoigoerako errekorra Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 13a, 08:00

44 kirolarik parte hartu zuten larunbatean proba gogorrean, batzuk bizikletan eta bertzeak lasterka.

IX. Arretxeko bordako kronoigoera larunbatean egin zuten Sunbillan. Bertan 44 kirolarik parte hartu zuten, bizikletaz nola lasterka, helduak zein gazte eta haurrak. Eguraldia lagun eta giro ezin hobean joan zen bertze urte batez igoera gogor hau. Gaztetxoenek, depositurainoko ibilbidea egin zuten eta Katea Bikek emandako loteak eskuratu zituzten saritzat.

Gizonezkoen bizikleta sailkapena ondorengoa izan zen: lehenengoa Jesus Torres (8.23), bigarrena Jon Zeberio (8.33), hirugarrena Ibai Irisarri (8.54), laugarrena Aitor Apeztegia (8.56) eta borzgarrena Gaizka. Otxandorena (9.03). Aipatzekoa da bortz txirrindulari hauek lortu zutela errekorra hobetzea eta Torresek marka ederra utzi du hurrengo baterako. Emakumezkoen bizikleta sailkapena: lehena Vitxori Juanikotena (12.00) eta bigarrena Sara Sanzberro (17.38).

Gizonezkoen lasterkako proban Joseba Larralde beratarra izan zen bizkorrena (9.58), bigarrena Anizko Unai Iantzi (10.38)eta hirugarrena Elizondoko Iñaki Telletxea (11.02). 

Nesken artean Leire Sanzberro izan zen bizkorrena lasterka (16.35).

Zozketak

Ondotik opariak zozketatu zituzten dortsalen artean eta ondorengoak izan ziren saridunak: Ibai Petrirena, Unai Elizagoien, Mikel Latasa, Iker Goldaracena, Leire Sanzberro, Manuel Ganboa, Oihan Apeztegia, Unai Iantzi eta Iñigo Arrieta.

Horrez gain 500 boleto inguru saldu ziren eta ondorengoak izan ziren sariak eta saridunak:

  1. saria, bizikleta bat: Eneko Herrera
  2. saria, Elgorriagako bainuetxean bi pertsonendako zirkuitua eta bazkari/afaria: Joseba Alzuri
  3. saria, magra bat: Bidal Ibarra

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun