Nafarroako erremonte txapelketaren finala jokatuko dute larunbat arratsaldean Zubirin

Ttipi-Ttapa 2021eko irailaren 10a

Azpiroz eta Uterga izanen dira finaleko erremontista beteranoenak. Otxandorena eta Otano izanen dituzte lagun.

Uterga eta Otano, Otxandorena eta Azpirozen kontra ariko dira.

Aurten ere Zubiriko kiroldegiko pilotalekuak hartuko du Nafarroako 16. erremonte txapelketaren finala irailaren 11n. Txapeletako bat bederen Doneztebera etorriko da, aitzineko koadroetan aurrez aurre izanen baitira Xanti Uterga eta Eloy Otxandorena. Otano eta Azpiroz izanen dituzte lagun gibelean, hurrenez hurren.

Larunbatean 17:00etan Zubirin hasiko den jaialdiko lehen partidan, Erburu eta Ion, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Aimar Saldias oiztarraren konra ariko dira. Gainera Erremonte Fundazioak Nafarroako atletismoari omenaldi xume bat eginen dio eta Asier Martinez eta Izaskun Oses izanen dira atletismoaren ordezkariak Zubirin. Biak finalista izan ziren Tokion, Martinez joko olinpikoetan eta Oses paraolinpikoetan.

Txapelketa osoan bezala sarreran 5 euro ordaindu beharko dira, oso-osorik ADANO elkartearentzat izanen direnak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun