Uda bukatzeko asteburu mugituak izan dituzte abuztuko azkena eta iraileko lehena Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 6a, 16:00

Toka txapelketa, bertso saioa, taloak eta Guraso elkarteak egindako suzko zezena izan dira protagonista.

Uda bukatzeko asteburu mugituak izan dituzte abuztuko azkena eta iraileko lehena Sunbillan. Asteburu honi dagokionez, ortziralean musika, larunbatean toka txapelketa, bertsoak eta bingoa izan zituzten eta bietan, Ttibur suzko zezen berria ibili zen.

Asteburu honetan, irailaren 3an, ortziralean, Andus taldeak kontzertua eman zuen eta suzko zezena ibili zen.

Biharamun goizean, toka txapelketa jokatu zuten. Hiru kategorietan banatu zen: 0-3 kategorian Erik Napal izan zen partaide bakarra. 4-12 kategorian Ibai Maritxalar txapeldun, bigarren Eneko Ibarra, hirugarren Adei Uriz eta laugarren Xabi Armendariz. 13-100 kategorian berriz, Bixente Ibarra txapeldun, bigarren Aitor Ibarra Jalisko eta hirugarren Iker Urroz.

Arratsaldean, Xabat Ilarregi, Nerea Elustondo eta Aitor Mendiluzeren eskutik bertso saio ederra aditzeko aukera izan zuten. Ondotik, bi bingo txanda izan ziren. Lehen txandan linea Pablo Maritxalarrek eta bingoa Joseba Gartziak egin zuten. Bigarren txandan berriz, linea Jaione Agirrek eta bingoa Garaine Iriartek egin zituzten. Gero, herriko talogileek egindako talo goxoak dastatzeko aukera ezin hobea izan zen. Bi asteburu eder hauei bukaera suzko zezenarekin eman zitzaien.

'Ttibur' suzko zezena Guraso Elkartearen eskutik

Aipatzekoa da orain arte suzko zezena Orkoiendik ekartzen zela. Oraingoan berriz, eta ekitaldi hauek antolatuta zeudela aprobetxatuz, Ttibur  suzko zezenaren aurkezpen ofiziala egin zuten abuztu hondarreko herri kirol saioan. Eskerrak eman Guraso elkarteari egindako proiektua eder honengatik. 

Bertzetik  eskerrak eman behar zaizkie bi asteburu eder antolatzen aritutakoei, baita Doneztebe eta Arantzako udalei, Nafarroako Herri Kirol Federazioari,  ostatu, denda, talogile eta Elgorriagako bainuetxeari ere.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun