Sunbillako BTT probaren atarian bideoa zabaldu dute

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 4a, 09:00

Txirrindularientzako hitzordu bikoitza izanen dute heldu den asteburuan Sunbillan: irailaren 11n Arretxeko Bordako IX. Kronoigoera eta irailaren 12an BTT ibilaldia. Horien atariko, BTT ibilaldiaren harira, herriko bi txirrindulari gazte protagonista dituen bideoa prestatu du Ekaitz Bertiz sunbildarrak. 

Koldo Herrera eta Eneit Bertiz dira bideoan ageri diren protagonistak, eta irailaren 12an eginen den Sunbillako BTT ibilaldia pasako den tokietan hartutako irudiak dira. Ekaitz Bertiz da bideoaren egilea.

Irailaren 11n Arretxeko Bordako IX. Kronoigoera

09:00etan hasiko da proba eta errekorra hobetzen duenak (09.06) 150 euroko saria izanen du. Proba kronometratua izanen da eta irteera txandaka emanen dute. Izen-ematea www.rockthesport.com atarian eman daiteke, bortz euro ordainduta, eta dortsalak probaren egunean 08:30ean banatuko dituzte.

16 urtez azpikoek guraso edo tutoreen baimena beharko dute parte hartzeko.

Irailaren 12an BTT ibilaldia

Biharamunean, irailaren 12an, hirugarren aldiz, BTT ibilaldia antolatu dute Ulibeltzak Elkarteak eta Sunbillako BTT taldeak. 09:00etan hasiko da itzulia, Ulibeltzak elkartearen ataritik, eta txirrindulariek 28 kilometroko eta 34 kilometroko ibilbideak izanen dituzte aukeran. Dena den, izena emateko epea dagoeneko itxia dute. Izena emana dutenek dortsalak egunean bertan 07:00etatik 08:15era hartu beharko dituzte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun