Nafarroako erremonte txapelketaren finalerako bigarren txartela ortziralean izanen dute jokoan Tafallan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 2a, 15:00

Joan den urtean omenaldi hunkigarria egin zioten Estebantxo Apeztegia zenari eta aurten bere omenez jokatuko dituzte erremonte partidak Tafallan.

Ezkurra II.a eta Barricart, Otxandorena eta Azpirozen kontra ariko dira, Estebantxo Apeztegia zenaren omenez jokatuko den jaialdian.

Nafarroako erremonte txapelketaren finalerdietako ligaxkako azken jardunaldia jokatuko dute asteburu honetan Tafallako Ereta pilotalekuan. Partidarik erabakigarriena ortziralean jokatuko dute, finalerako txartela izanen baitute jokoan. Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Barricart, Eloi Otxandorena eta Azpirozen kontra ariko dira. Irabazleak, Uterga eta Otanoren kontrako  finalean izanen da.

Ortziralean 19:30ean hasiko den jaialdiko lehen partidan, Zeberio II.a eta Agirrezabala, Matxin III.a eta Otanoren kontra ariko dira. Sortzez doneztebarra eta Tafallako San Sebastian Pilotazale Peñako bazkide eta laguntzaile zen Estebantxo Apeztegiaren omenez jokatuko da jaialdia.

Larunbateko partidan ez da deus jokoan

Larunbatean 19:00etan hasiko den jaialdiko txapelketako partidak, aldiz, ez du deus izanen jokoan. Erran bezala, Xanti Uterga doneztebarrak eta Otanok finalerako txartela segurtatua dute eta Aldabek eta Aimar Saldias oiztarrak, aldiz, final laurdenetako ligaxkan onenak izan arren, finalean sartzeko aukerarik ez dute. Jaialdiko lehen partidan, Aimar Jabalera doneztebarra eta Ion, Matxin III.a eta Azpirozen kontra ariko dira.

Bi jaialdiak ADANO elkartearen alde antolatu dituzte eta sarreran 5 euro ordaindu beharko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun