Donamariako Udalak Argibel, Golbai, Txaruta, Labeaga eta Bidasostako usategien enkantea arautzen duen plegua onartu du. Argibel parajean zortzi postu, Golbain 11, Txarutan zazpi, Labeagan bederatzi eta Bidasostan zortzi daude eta honako lizitazio prezioak dituzte:
- Argibel: 401 euro.
- Golbai: 6.500 euro eta 9. postuaren moldatzea.
- Txaruta: 2.200 euro.
- Labeaga: 2.200 euro.
- Bidasosta: 200 euro postu bakoitzeko.
Epeari dagokionez, Argibelkoak lau urteko iraupena izanen du (adostasun bidez lau urtez luza daitekeena), Golbaikoak urtebetekoa (bertze urte bat luzatzeko aukerarekin), Txarutakoak bi urte, Labeagakoak bertze bi urte eta Bidasostakoak urtebete. Urtearen iraupena urriaren 1etik abenduaren 31rako epe gisa ulertzen da.
Enkantean parte hartzeko gutun-azal itxi bat aurkeztu behar da irailaren 15eko 13:00 baino lehen. Gutun-azalean eskaintza ekonomikoa, Nortasun Agiriaren kopia eta %10eko behin-behineko fidantza jarri izanaren ziurtagiria sartu beharko dira.
Behin-behineko esleipenaren ondotik sesteoa eginen dute eta ondotik behin-betiko emaitzak aterako dituzte. Hala, hamar eguneko epean ordainketa egin beharko dute.
Xehetasun guztiak eta eskaintza aurkezteko eredua udalaren webgunean daude eskuragarri.