Asteburuan Lizarran jokatu den finalerdietako ligaxkako jardunaldiak bi gauza argitu diru: lehen finalistak Xanti Uterga doneztebarra eta Otano izanen dira, larunbatean Eloy Otxandorena doneztebarrari 35-26 irabazi ondotik. Bertzetik, ortziralean Ezkurra II.a eta Barricartek 35-23 irabazi zieten Aldabe eta Aimar Saldias oiztarrari. Beraz, Aldabe eta Saldias, lehenbiziko fasean nagusi izan arren, finaletik kanpo gelditu dira dagoeneko. Finalerako bigarren txartela jokoan izanen dute ortziralean Tafallan, Otxandorena eta Azpirozek, Ezkurra II.a eta Barricarten kontra jokatuko duten norgehiagokan.
Ortziralean, Ezkurra II.a eta Barricart nagusi
Ortziralean jokatutako txapelketako partida hil ala bizikoa zen bi bikoteentzat. Lehenbiziko jardunaldian galdu egin zuten biek eta garaipena nahitaezkoa zuten. Josetxo Ezkurra eta Barricart ongi nagusitu zitzaien Aldabe eta Aimar Saldias oiztarrari (35-23). Ezkurra II.a entxufatua atera zen eta ongi akitu zituen tantoak eta gibelean Barricartek huts gutti egin zituen. Urduriago aritu zen Saldias, final laurdenetan erakutsitako mailatik urrun. Honela, finalean aritzeko aukerarik gabe gelditu dira Aldabe eta Saldias.
Ortziraleko jaialdiko lehen partidan, Otxandorenak eta Azpirozek 35-29 irabazi zieten Zeberio II.ari eta Otanori.
Larunbatean garaipena eta finalerako txartela Uterga eta Otanorentzat
Larunbateko txapelketako partidan, berriz, Xanti Uterga doneztebarrak eta Otanok 35-26 irabazi zieten Eloy Otxandorena doneztebarrari eta Azpirozi. Urdinak irabazten hasi ziren, (2-7). Baina Utergak eta Otanok hamarna eta hamekana berdintzea lortu zuten. Halere, berriz, lau tantoko aldea lortu zuten Otandorena eta Azpirozek (19-23). Hor aldatu zen oartida. Otano nagusitzen hasi zen gibekleko koadroetan eta Uterga erosoago aritu zen eta hainbat tanto egin zituen. 16-3ko partziala lortu zuten, partida 35-26 irabazi eta finalerako txartela lortzeko.
Jaialdiko lehen partidan, Aimar Jabalera doneztebarrak eta Aimar Saldias oiztarrak 35-29 irabazi zieten Aldabe eta Agirrezabalari.
Finalerdietako azken jardunaldia datorren asteburuan Tafallan
Gauzak honela, finalerdietako ligaxkako azken jardunaldia datorren asteburuan jokatuko dute Tafallako Ereta pilotalekuan. Ortziraleko partidan erabakiko da finalerako bigarren txartela, Ezkurra II.a eta Barricart, Otxandorena eta Azpirozen kontra ariko baitira. Irabazleak jokatuko du Uterga eta Otanoren kontra. Larunbateko partidan, aldiz, ez da deus jokoan izanen: dagoeneko finalean dauden Uterga eta Otano, finaletik kanpo geldituak diren Aldabe eta Saldiasen kontra ariko dira.