Aritz Juanenea erremontista saldiastarrak 30-17 galdu zuen ortzegunean Galarretan Urrizaren kontra, buruz buruko erremonte txapelketako finalerdietako ligaxkari zegokion bere azken partidan. Honela, Urrizak zuzenean finalerako txartela lortu zuen eta Juaneneak zail izanen du finalerdietan sartzea. Horretarako, larunbatean jokatuko duten finalerdietako ligaxkako partidan 17 tanto baino gutiago egin beharko lizkioke Ansak Barrenetxeari.
Partida berdindua egin zuten hasieran Urrizak eta Juaneneak 14-12koa arte. Tanto horretan, Urrizak egindako bi-paretako bat bueltatu nahian kontrakantxan kolpea hartu zuen saldiastarrak eta, hortik aurrera, ez zuen errestoan asmatu. 10-1eko partziala egin zuen Urrizak (24-13) eta hor hautsi zen partida. Gaitzerdi, halere, Juanenean hamazazpigarren tantoa egitea lortu baitzuen. Hamasei tantorekin gelditu izan balitz, puntu negatiboa izanen luke sailkapenean eta, orduan bai, matematikoki txapelketatik kanpo gelditu izanen litzateke.