Nafarroako XVI. erremonte txapelketako finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldia jokatuko dute asteburu honetan Lizarrako Remontival pilotalekuan. Ortziralean lehen jardunaldiko galtzaileak ariko dira elkarren kontra: Ezkurra II.a eta Barricart, Aldabe eta Saldiasen kontra. Larunbatean, berriz, lehen jardunaldiko irabazleak: Uterga eta Otano, Otxandorena eta Azpirozen kontra.
Ortziralean 19:30ean hasiko den jaialdiko lehen partidan, Zeberio II.a eta Otano, Otxandorena eta Azpirozen kontra ariko dira. Ondotik, txapelketako partidan, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Barricart, Aldabe eta Aimar Saldias oiztarraren kontra ariko dira. Galtzen duen bikoteak finalerako sailkatzeko ia aukerarik gabe geldituko da.
Larunbatean 19:30ean hasiko den jaialdiko lehen partidan, Aldabe eta Agirrezabala, Jabalera eta Saldiasen kontra ariko dira. Ondotik, txapelketako partidan, Xanti Uterga doneztebarrak eta Otanok, Eloi Otxandorena doneztebarraren eta Azpirozen kontra jokatuko dute. Partida honetako irabazleak oin eta erdi izanen du finalean.
Orain arteko jaialdi guztiak bezala, Lizarrakoak ere ADANO elkartearen aldekoak izanen dira eta 5 euro kobratuko da sarrera. Gaur egun frontoietan onartutako edukiera %75ekoa denez, gehienez 350 pertsona sar daitezke Lizarrako pilotalekuan.