Otxandorena-Azpirozek eta Uterga-Otanok irabazi dituzte Nafarroako erremonte txapelketako finalerdietako lehen partidak

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 23a, 14:00

Ortziraleko txapelketako partida hasi aitzinetik agurra, Garesko Zamariain pilotalekuan.

Nafarroako XVI. erremonte txapelketako finalerdietako ligaxkako lehen partida jokatu zuten ortziralean Garesko Zamariain pilotalekuan. Eloi Otxandorena doneztebarrak eta Azpirozek ezustea eman zuten, final laurdenetako ligaxkan sailkapen buru izan ziren Aldaberi eta Aimar Saldias oiztarrari 35-29 irabazi baitzieten. Igandean, ilunberrin, Xanti Uterga doneztebarrak eta Otanok 35-28 irabazi zieten Ezkurra II.a eta Barricarti.

Ortziralean Otxandorena eta Azpiroz gailendu ziren Garesen

Ortziraleko partidan, hasieran aldea hartu zuten Otxandorenak eta Azpirozek (20-11) eta partida borrokatua eta luzea izan baldin bazen ere, azkenean garaipena ere beraien alde joan zen (35-29). Otxandorenak ongi akitu zituen tantoak eta Aldabek normalean baino pilota gehiago galdu zituen.

Azpirozek eta Otxandorenak lortu zuten finalerdietako ligaxkako lehen garaipena.

 

Jaialdiko lehen partidan, Matxin III.ak eta Ionek 35-23 irabazi zieten Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrari eta Agirrezabalari.

 

Igandean Uterga eta Otano garaile Ilunberrin

Iganden Ilunberrin jokatutako finalerdietako bertze partidan, berriz, Xanti Uterga doneztebarrak eta Otanok 25-28 irabazi zieten Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrari eta Barricarti.

Partida berdindua joan zen hogeita zortzinako berdinketa bitarte, baina azkeneko zazpi tantoak gorriek egin zituzten.

Igandeko jaialdiko lehen partidan, Aimar Jabalera doneztebarrak eta Ionek 35-33 irabazi zieten Eloi Otxandorena eta Agirrezabalari.

Otano eta Uterga dira finalerdietako ligaxkako sailkapen buru, 4 puntu eta 7 tantoko aldearekin.

 

Larunbatean ere jaialdia Ilunberrin

Txapelketako partidak hartu zituzten ortziraleko eta igandeko jaialdiez gain, larunbatean ere bertze erremonte jaialdi bat jokatu zuten Ilunberrin. Lehenbiziko partidan, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Otanok 35-24 irabazi zieten Aimar Jabalera doneztebarrari eta Aimar Saldias oiztarrari. Bugarreb oartidanm Xanti Uterga doneztebarrak eta Barricartek 35-34 irabazi zieten Eloi Otxandorena doneztebarrari eta Ioni.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun