Ernesto DOMINGUEZ

«Familia, lana, harremanak… euskarak dena eman dit»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 22a, 08:00

Ernesto DOMINGUEZ OLEA, Zubietan bizi den leioarra.

Aita Zamorakoa (Espainia) eta ama «bizkaitarra, euskaldun zaharra» du Ernesto Dominguez Oleak (Leioa, 1972), «baina ez dakit zergatik, ez zigun euskara transmititu». Hala, «eskolan erdaraz ikasi genuen eta etxean ez genuen deus egiten euskaraz».

Zergatik erabaki zenuen euskaraz ikastea?

Auzo erdaldunean bizi nintzen eta ez nuen euskararen beharrik sentitzen, baina asteburuetan, arraro sentitzen nintzen. Baserrira joaten ginenean gu ginen euskaraz ez genekien bakarrak. Eta, 16-17 urterekin, udal euskaltegia ireki zutenean, izena ematea erabaki nuen, zerbaiten falta sumatzen nuelako. Euskaltegian apuntatuta, poliki-poliki, euskara barneratzen hasi nintzen, mundu berri bat ezagutzen: hizkuntza, ohiturak, kultura... Ezagutzen ez nituen zenbat gauza! Gerora, familia batekin hilabete bat pasatzeko aukeraren berri izan nuen. 10-11 euskaldun berri Zubietara etortzekoak zirela jakin nuen, ez nintzen familia euskaldun batera heldu zen bakarra eta nolabait neure burua babestua sentituta animatu nintzen. Bi udaz segidan etorri nintzen Zubietara.

«Zubietara etorritakoan ohartu nintzen dena ez dela euskaltegian ikasitakoa bezalakoa»

Zaila izan zen euskara ikastea?

Ez, ez zen zaila izan. Nik nahi nuen zerbait zen, behar hori sentitzen nuen. Egia da, euskaltegian hizkuntza modu arautuan ikasten dela, eta Zubietara etorritakoan ohartu nintzen dena ez dela euskaltegian ikasitakoa bezalakoa, eta horrekin ez dela aski. EGA atera eta kristoren maila nuela pentsatzen nuen, baina hemen [Zubietan] konturatu nintzen ezetz. Hasieran zenbat aldiz esan ote nuen 'barkatu, errepikatu', ez nuelako ulertzen. Jendearen pazientzia eskertzekoa da.

Anekdotarik baduzu?

Nirekin batera, nire lehengusina bat Zubietako familia batera etorri zen eta behin, bertako batekin kotxean gindoazela, lehengusinak 'Zelan?' galdetu zion, bizkaieraz 'Zer moduz zaude?'. Zubietarrak 'ni mekanikari' erantzun zion. Halakoak gertatzen dira hizkuntzarekin, baina poliki-poliki hizkuntza barneratzen joaten zara, baserri munduko edo nekazaritza munduko hiztegi aberats hori ezagutzen eta barneratzen, eta horrekin beti gozatu dut. Hitz berri bat ezagutzean apuntatu egiten dut, zoragarria da.

Zenbat urterekin etorri zinen Zubietara?
Lehenbiziko aldiz, 21 urterekin etorri nintzen, irakasle-ikasketak egiten ari nintzela. Orduan ezagutu nuen gaur egun nire emaztea dena, Eva, eta elkarrekin hasi ginen. Garai hartan, ez genuen gaur egungo mugikorrik, edo meet bidezko konferentziarik, ezta kotxerik ere, eta unibertsitateko autobusean etortzen nintzen Leioatik Donostiara. Eta Donostiatik Zubietara auto-stop eginez…

Zer moduzko esperientzia izan zen?

Oso esperientzia ona izan zen, eta familiarekin ere oso ongi moldatu nintzen. Nola diren kontuak, ni euskaldun berri izanda, bi aldiz etorri nintzen Zubietara, eta gero, 2009an eta 2010ean euskaldun berriak hartu genituen etxean. Euskarari zerbait zor niola sentitzen nuen eta esperientzia polita izan zen.

«Ez naiz inolaz ere damutu Zubietara bizitzera etorri izanaz, eskerrak pauso hura eman genuen»

Eta gaur egun Zubieta duzu bizileku…

Bai, 2007an honat etorri ginen. Aurretik, ezkondu eta Leiora joan ginen bizitzera. Ahal zen bezala euskaraz bizi ginen, baina herri euskaldun batean bizi nahi genuen eta emaztea zubietarra izanda, aukera paregabea genuen hemen. Gero, haurdun gelditu zen, eta orduan erabaki genuen. Biek lan finkoa utzi eta honat etorri ginen. Ez naiz inolaz ere damutu, eskerrak pauso hura eman genuen.

Aldaketa handia izan zen sorterria utzi eta honat etortzea?

Bai, hiri batetik herri batera etorri ginen… Baina nire kasuan, aldaketa onerako izan zen, zalantzarik gabe. Hau nahi genuen, herri batean bizi, familia hemen izan… Eta beti esaten dut hemendik hiria ez dugula urruti, behartuz gero, Iruñea, Irun edo Donostia ez daude hain urruti.

«Ez dakit ezjakintasuna ote den edo zer, baina batzuetan euskaldun zaharrek euskara ez dutela behar bezala baloratzen iruditzen zait»

Eremu erdaldunetik etorri zinen eta euskaraz aritzen zara. Hemengo euskaldun zaharrak erdaraz sumatzen badituzu, zer sentitzen duzu?

Pena… Euskaldun zaharrei esker euskara bizirik hartu dugu, baina batzuetan ez dakit ezjakintasuna ote den edo zer, ez dutela behar bezala baloratzen iruditzen zait, ez dakitela zer altxor dugun gurekin, eta aisa jotzen dute erdarara. Batzuetan mina ere ematen du horrek, hemen euskaraz bizitzeko aukera paregabea dugulako.

Zein mezu luzatuko zenieke hemen inguruan bizi diren erdal hiztunei?

Euskara ikasteko. Hizkuntzak ikastea beti aberasgarria da. Hizkuntza bat ikasteko beharra sentitu behar duzu, baina dudarik gabe, ikasteko esanen nieke. Bidea ez da motza, baina posible da.

Euskarak aterik ireki dizu?

Bai, bai denak. Alde batetik, lan munduan. Bilbon euskarazko irakaskuntzan lan egin nuen eta orain funtzionarioa naiz Nafarroan. Harreman pertsonaletan ere berdin, euskarak familia ezagutu eta sortzeko aukera eman dit. Eta eskualdean jendearekin harremanak izateko balio izan dit. Bertako hizkuntza euskara da eta bertakoekin harremanak izateko aukera ematen du. Niri euskarak dena eman dit. Alabek ez dute sinesten nola zen posible euskaraz ez jakitea.

Hemengo euskara barneratu duzu?

Ez dut erabat barneratua, baina saiatzen naiz. Belarria egiten ari zait. Hasieran hitanoa zer zen ere ez nekien. Beti ikasten ari gara, bertako hitzak lehenbiziko entenditu eta gero erabiltzera animatzen ahal zara, baina zaindu behar ditugu. Hori da beste erronka, bertako hitzak zaintzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun