Janire REKALDE

«Hemengoek zorte handia dute ttikitatik euskara naturalki ikasi dutelako»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 22a, 09:00

Janire REKALDE VILLA, Iturenen bizi den portugaletetarra.

Irakasle-ikasketak zituen begiz joak eta «euskaraz jakin gabe» bide hori zaila izanen zela ikusita, «20 urterekin» euskaltegian hasi zen Janire Rekalde Villa (Portugalete, Bizkaia, 1988). Hutsetik hasi behar izan zuen, «koloreak eta zenbakiak ikasten», eta gaur egun, 11 urte beranduago erabat euskaldundu da.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?

Betitik irakasle-ikasketak egin nahi nituen eta 20 urterekin, euskaraz jakin gabe irakasle izateko aukera handirik ez nuela izanen pentsatu nuen eta euskaltegian izena eman nuen. Lehenbiziko mailan hasi nintzen, eta 18 hilabete pasatu nituen euskaltegian. Handik aterata, udan euskara praktikatzeko zein aukera nituen begira hasi nintzen. Euskaltegian gramatika pila bat ikasia nuen, baina jendearekin solas egiteko soltura falta zitzaidan, eta begira hasi nintzenean, udan familia batekin egonaldia egiteko aukeraren berri izan nuen. Paperak bete eta Zubietara etorri nintzen. 22 urte nituen eta uztailean etorri nintzen, hilabete pasatzera. Urte hartako abuztuan Lazkaoko barnetegian egon nintzen eta irailean irakasle-ikasketak egiten hasi nintzen unibertsitatean.

Erraza edo zaila egin zitzaizun euskara ikastea?

Euskaltegian oso talde ona egin genuen. Egunero bost orduz joaten nintzen, 09:00etatik 13:00etara, eta oso modu dinamikoan ikasi nuen. Jolasen bitartez, hasieratik solas eginez… Iraila zen euskaltegian hasi nintzenean, eta irakasleak ‘ekainean denak euskaraz solastatuko zarete’ esaten zigun, eta guk ‘bai zera!’, izugarria iruditzen zitzaigun. Ni A ereduan ibilia nintzen baina euskaltegian zenbakiak eta koloreak ikasten hasi nintzen. Konturatu gabe, poliki-poliki euskarako azterketa egiten ari nintzen…

«Ez da gauza bera euskara ikastea edo euskaraz ikastea, eta zailena irakasle-ikasketa guztiak euskaraz egitea izan zen»

Zer egin zitzaizun zailena?

Euskaltegian aditzak izaten dira zailenak, baina unibertsitatean klase guztiak euskaraz izatea gogorra egin zitzaidan; hiztegiarekin hitz guztiak bilatzen ibiltzen nintzen… Ez da gauza bera euskara ikastea edo euskaraz ikastea, eta irakasle-ikasketa guztiak euskaraz egitea izan zen zailena.

Zergatik aukeratu zenuen Zubieta familian egonaldia egiteko?

Aita nafarra dut, Ezkarozekoa, eta ama bizkaitarra. Ttikitatik beti asteburuetan eta oporretan herrira joan izan gara. Eta horregatik aukeratu nuen Nafarroa egonaldia egiteko, nahiz eta edozein herrialde aukera nezakeen. Bizkaian baino denbora gehiago eman dut Nafarroan. Argi nuen, eta hainbat herri aukeratu nituen, Goizueta, Erratzu, Zubieta… Lehentasunen arabera zerrenda osatu eta Zubieta tokatu zitzaidan, eta hantxe etorri nintzen 2010eko uztaila pasatzera. Familiarekin oso-oso ongi egon nintzen, eta hasieratik oso ongi hartu ninduten. Gerora familiak gonbidatuta berriz bueltatu nintzen Zubietara, festetan, Euskararen Egunean… Hiruzpalau aldiz beraien etxera joan nintzen.

Eta halako batean gelditzea erabaki zenuen…

Bai, uztailean egon nintzen azken egunean mutil bat ezagutu nuen, Arkaitz, eta gaur arte. Hamaika urte pasatu dira.

Ituren duzue bizileku…
Bai, 2016tik. Arkaitz ezagutu nuenean elkarrekin hasi ginen, eta gaur egun nire senarra da. Ikasketak bukatu nituenean, Zubietara etorri ginen Arkaitz Zubietan bizi zelako, baina Zubietan ez genuen bizitzeko etxerik harrapatu, eta Iturenen bizi gara.

«Aldaketara oso ongi moldatu nintzen»

Aldaketa handia izan zen Portugalete utzi eta Iturenera etortzea?
Bai, aldaketa izan zen. Hala ere, beti herri ttiki batean pasatu ditut asteburuak eta oporrak, kuadrilla ere Ezkarozen dut. Nongoa naizen galdetu izan didatenean Portugaletekoa naizela esatea kostatzen zait, berez ez naizelako hangoa sentitzen. Alde horretatik, aldaketara oso ongi moldatu nintzen.

Euskarari lotuta anekdotarik baduzu?

Pila bat. Eta jendearekin ere oso eskertua nagoela esan behar dut. Zubietara joan nintzen eguna ostiral bat zen, eta lehenbiziko egunean, gaueko hamaiketan edo hamarretan, kristoren kuadrilla etorri zen etxera, Doneztebeko festetara joan nahi nuen galdetuz. Eta hantxe joan nintzen, familia eta inor ezagutu gabe. Baina parranda ederra egin genuen, nahiz eta ez nien tutik ere ulertzen. Hasiera-hasieratik gazteek oso ongi hartu ninduten eta oso ongi sentitu nintzen.

«Ez nuen inoiz pentsatuko D ereduko irakaslea izanen nintzenik!»

Euskarak ateak ireki dizkizu?
Bai, bai. Lanean, adibidez. Irakasle-ikasketak akitu eta Nafarroako zerrendetan apuntatu nintzen eta berehala hasi nintzen D ereduan lanean. Ez nuen inoiz pentsatuko D ereduko irakaslea izanen nintzenik!

Gaur egun, zure eguneroko hizkuntza euskara da?

Bai, bai. Eta horretan asko lagundu dit Arkaitzek, beti eta hasiera-hasieratik euskaraz egin didalako. Ni euskaltegian EGA prestatzen ari nintzen baina Zubietara etorri nintzenean, bertakoek beste hizkuntza batean egiten zutela iruditu zitzaidan, engainatu nindutela pentsatu nuen, hura ez zela euskara. Baina Arkaitzek eta hemen inguruko guztiek beti euskaraz egin didate eta nik uste horrek asko lagundu didala. Gaur egun, etxean eta lanean euskaraz egiten dut.

«Nik ahalegin handia egin behar izan dut euskara ikasteko, baita ekonomikoki ere. Hemengoek badute euskaraz aritzeko aukera eta aprobetxa dezatela»

Eremu erdaldunetik etorri zinen eta euskaraz aritzen zara. Hemengo jende euskalduna erdaraz sumatzen baduzu zer sentitzen duzu?
Arraroa egiten zait eta pena da… Zorte handia dute ttikitatik naturalki ikasi dutelako. Nik, adibidez, ahalegin handia egin behar izan dut, baita ekonomikoki ere, garai hartan euskaltegia pribatua zelako eta garestia zelako. Gainera, Portugaleten ez nuen euskaraz egiteko aukerarik. Hala ere, giro euskaldunean ibiltzen nintzen: euskal dantzetako monitore izan nintzen urte askoz, panderoa jotzen nuen… Baina euskaraz jakin gabe. Kristoren lotsa sentitzen nuen jendeari euskaraz ez nekiela esan behar izaten nienean. Hemengoek badute euskaraz aritzeko aukera eta aprobetxa dezatela.  

Hortaz, nahi bada euskaraz ikas daiteke…

Bai, bai, motibazioa da gakoa. Motibatua ez dagoenak ez du ikasiko. Ni oso motibatua aritu nintzen hasieratik eta euskaltegian oso ongi pasatu nuen, oso etapa polita izan zen. Barnetegietan ere beti oso giro atsegina izaten zen, eta Zubietan euskara beste modu batera erabiltzen ikasi nuen. Hasieratik hizkuntza erabiltzea garrantzitsua dela uste dut. Hemen inguruan bizi diren erdal hiztunak ere anima daitezela euskara ikastera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun