Juanenea eta Ansaren arteko norgehiagokak alternatibak izan zituen, baina saldiastarra izan zen ekimena eraman zuena. Ansa II.ak huts egin zuen sakean, lau sake-faltarekin, baina batez ere errestoarekin. Saldiasko aurrelariak kontzentratuago jokatu zuen, une bakoitzean zer egiten zuen jakinda. Piloteoan gehiago izan ze Ansa II.a, baina partida aitzinera joan ahala, horretan ere hobetu egin zuen Juaneneak eta lehia orekatu zuen. Sakean nahiz errestoan ongi ibili zen saldiastarra.
Lehia ongi hasi zuen Juaneneak eta bortz tantoko aldea agudo hartu zuen (8-3, 9-4). Ansak, lasaitu zenean, partida berdintzea lortu zuen (9-9). Hamalaunako berdinketaren ondotik aurretik ere jarri zen Ansa (14-16). Hamazazpina ere berdindu zuten, baina errestoarekin huts egiten hasi zen Ansa eta 27-21 garbi batekin nagusi jarri zen Juanenea. Baina galdu arren, puntuak garrantzitsuak dira txapelketa honetan eta Ansak bukaera arte borrokatu zuen, 27-25era eta 29-27ra hurbilduz. Baina azken sakearekin bi aldiz pasa egin zuen Ansak, eta Juaneneak lau puntu garrantzitsu lortu zituen.
Juaneneak hamabi tanto egin zituen sakearekin eta bi falta. Ansak bortz tanto egin zituen sakearekin, baina baita lau falta ere.