Aitzinetik arraunarekin inolako harremanik izan gabe, duela hamabi urte, 26 urterekin, proba egitera hurbildu zen Iker Marizkurrena Imaz sunbildarra. Arraunaren arrak kosk egin zion, dudarik gabe, eta hamabi urte emankor egin ditu Hondarribian. Orain, 38 urterekin, arrauna, Arcelor Mittal lantegiko lana eta familia uztartu ezinik, arrauna uztea erabaki du. Hamabi urte hauen errepasoa egin dugu Marizkurrenarekin: «Momentu onak hagitzez gehiago izan dira txarrak baino» azpimarratu digu, baina ez du berriz trainerura igotzeko asmorik. Halere, esker hitzak bertzerik ez ditu Hondarribia Arraun Taldearentzat eta taldekide izandakoendako.
Zenbat urte eman dituzu Hondarribia Arraun Taldean eta zer balantze egiten duzu urte hauetaz guztietaz…
Hamabi urte egin ditut arraunean eta balantzea arras positiboa da, nire urterik onenak Hondarribiarekin pasa ditut, Kontxak, ligak, txapelketak eta estropada aunitz irabazi ditugu, baina horretaz aparte, kristoren pertsonak ezagutu ditudalako nago kontent.
Nola murgildu zinen arraunaren munduan? Lehendik bazenuen harremanik kirol honekin? Bertze kirolekin?
Kirola betidanik gustatu izan zait, gehienbat bizikleta, baina arrauna ere beti ikusten nuen telebistan. Egun batean probatzera joan nintzen Hondarribiara, aunitz gustatu zitzaidan eta joan den urtera arte.
Hasi zinenean pentsatu zenuen noizbait Kontxako hiru bandera irabaziko zenituela?
Ez, egia erran ez nuen Kontxa sekula jokatuko nuenik ere espero. Lehenbiziko urtetan A taldean sartuko nintzenik ere ez nuen uste eta hiru bandera jarraian irabaztea oraindik guttiago. Baina ikaragarrizko suertea izan dut, sekulako arraunlariak, eta patroi eta entrenatzailerik onenak izan ditudalako ondoan.
Horiek dira zure oroitzapenik onenak?
Denak dira oroitzapen onak, baina Kontxak eta ligak irabazitakoan taldekideekin bizitako momentuak ahaztezinak dira.
Eta txarrenak?
Momentu onak hagitzez gehiago izan dira txarrak baino. Txarren bat aipatzeagatik 2017ko Kontxa hura aipatuko nuke edo 2012an bizkarreko lesioa izan nuen momentua.
Orain uztea erabaki duzu… Zergatik? Behin betiko erabakia izan da edo ez duzu itzultzea baztertu? Eta arraunean ez bada, inguruan laguntzaile edo segitzea ez duzu pentsatu?
Arrauna uztearen arrazoirik handiena lana izan da, correturnos aritzen bainaiz. Arraunean hamar hilabetez, astean sei egunez entrenatzen genuen eta, orain, semea eduki eta gero hori dena uztartzea ezinezkoa zait. Hagitz zaila egin zait erabakia hartzea, baina bai, behin betirako utzi dut. Eta ez zait gogoratu entrenatzaile, laguntzaile edo klubaren iguruan segitzea, momentuz ez. Orain estropadak ikusiko ditut lasai-lasai, ahalik eta lasaien, baina maiz bisitaren bat eginen dut Hondarribia aldera.
Arraro egiten al zaizu estropadak ikustea, zu traineruan joan gabe?
Bai, pixka bat bai. Gainera, kanpotik ikusita urduriago jartzen zara, oraindik lagundu egin nahi duzu, baina ezin duzu deus ere ez egin. Espero dut aurten garaipen aunitz lortzea, estropadak lasaixeago ikusteko.
Nola ikusten duzu aurtengo denboraldia?
Denboraldia ongi ikusten dut, aurten ere hagitz talde ona dute, ongi hasi ziren lehenengo estropada irabaziz, baina bigarrenean suerte txarra izan zuten eta ligan puntu batzuk galdu dituzte. Bi talde hagitz indartsu daude, baina espero dut liga aurten Hondarribiara etortzea.
Bertzerik?
Eskerrak eman Hondarribia Arraun Taldeari, bizi izan ditudan momentu zoragarri haiek bizitzeko aukera emateagatik.