FERNANDO ETXEBERRIA

«Seme-alabentzat ama bezala da niretzat Ezkurra: paregabea»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 15a, 11:00
Fernando Etxeberria egilea, 'Ezkurra herri paregabea' liburua eskuetan.

Fernando ETXEBERRIA MARIEZKURRENA, 'Ezkurra herri paregabea' liburuaren egilea.

Sorterria maite du Etxeberriak eta maitasun horrek Ezkurrari buruzko datuak bilatzera, biltzera eta argitara ematera bultzatzen du. Aurkeztu berri du bere azken liburua.

Fernando Etxeberria Mariezkurrenak (Ezkurra, 1942) Ezkurra herri paregabea argitaratu berri du. Ez da sorterriari buruz idatzi duen lehen liburua, lehendik ere Ezkurrari buruzko istorioak, argazkiak, artikuluak, jaiotza- agiriak… ikertu, bildu eta paper gainean jarri baititu, Jakin-mina sortzen dio Ezkurrak eta aurrera begira ere, ikertzen segitzeko gairik ez zaiola falta onartu digu.

'Ezkurra herri paregabea' liburua idatzi berri duzu… Zer topatuko du irakurleak liburu honetan?

Batez ere jaio nintzen herriari diodan maitasuna, han eman nituen lehen urratsak eta urte askoren ondoren, itzuli egin nintzen, udaletxera sartzeko zortea izan nuen eta bertan, udal artxiboan, benetako altxor historikoa aurkitu nuen. Liburua irakurtzen duenak ikusiko eta ikasiko du Ezkurra herriaren jatorria eta garapen historiko oso interesgarria.

Ez da zure lehen liburua, lehengoak ere sorterriari buruz… Nola topatzen dituzu hain herri ttikiari buruzko hainbeste gai, albiste, argazki…

Benetan harrigarria da Ezkurrari buruz dagoen datu mordoa, ez bakarrik udal artxiboan, baita Iruñeko artxibo orokorrean, elizbarrutian eta mormoien artxibo orokorrean ere. Argazki gehienak herritarrek emandakoak dira eta beste asko egin nituen Ezkurrako korrespontsal gisa Ttipi-Ttapara bidaltzeko urte askoan.

Ezkurra herri paregabea dio izenburuak… Zertan iruditzen zaizu parekorik ez duela? Edo gaztelaniaz itzulia duzun bezala, 'villa de ensueño', zergatik da zuretzat?

Bistan da nire herria bertako izaki gisa maite dudala, eta, beraz, seme edo alaba batek bere ama ikusten duen bezala ikusten dut: paregabea. Bi urtez hainbat artxibo kontsultatu nituen, eta arretaz irakurri nituenean konturatu nintzen nire herria, zalantzarik gabe, alderdi askotan ezin zela konparatu beste bakar batekin ere ez.

Errepaso zabala egiten diozu herriko hainbat, gai, arlo, historia, albisteri… zein da gehien harritu zaituena edo ustekabean hartu zaituena?

Bereziki harritu ninduen jauntxoen historiak. Bada etxe bat, Hamarrendegia, jendeak Casa-Palacio, 'jauregi-etxe' deitzen duena. Arrazoia ez nekien eta udal artxiboa kontsultatzean aurkitu nituen han bizi izan zen familiaren existentziari buruzko datu kontaezinak. Auzotarrekin etengabeko liskarrak izaten zituzten, beraien basailu edo morroitzat hartzen zituzten. Historiaurreko monumentu ugari ere aurkitu nituen, 70 azienda borda baino gehiago ere zenbatu eta dokumentatu ditut, hainbat mendetako herritarren bizitza azaltzen dutenak. Arrosarioko Kofradiaren sorrera eta garapena ere garrantzitsua da, bizilagun gehienak bazkide baitziren. Halaber, harritu egin ninduten Raquel Idoatek 1840 eta 1874 artean Ezkurratik Amerikarako emigrazioari buruz egindako liburuan aurkitutako datuek. 34 urtez 158 bizilagunek zeharkatu zuten putzua. Sinestezina dirudi, baina horien guztien datuak bildu ditut.

Oraindik gelditzen zaizu beste libururen baterako materialik Ezkurran?

Oraindik jaiotza agiriei buruzko datu gehiago jakitea falta zait, XVII. eta XVIII. mendeetako asko falta zaizkidalako. Gainera, nire lagun Martin Urrutiaren iradokizunari jarraituz, alfabetoaren arabera ordenatuko ditut, kontsulta errazago egiteko. Ollingo burdinolen eta meategien historian gehiago sakondu nahi nuke, baina material horiei buruzko ezagutza tekniko gutxi daukat, eta espezialista baten laguntza beharko nuke. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet liburua eskuratu duten herritarrei. Irakurtzen dutenean, herri zoragarri honetako kide izateaz harro sentituko dira. Eskerrak David Mariezkurrenari eta Leitzako Xukuni ere, prestatzen laguntzeagatik eta Ttipi-ttapari, maketazio eta argitaratze lanengatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun