Herriko bestarik eta ohiko ospakizunik ez dagoen arren, Donamariako udalak antolaturiko hitzorduei esker, mugimendua sumatuko da udan honetan ere Donamarian. Uztailaren 31rako, larunbaterako, bi hitzordu prestatu dituzte.
Esku pilota final laurdenak
Batetik, 12:00etan hasita maiatzean sortu zen Ados pilota klubak antolatu duen Plazaz plaza txapelketako final laurdenak jokatuko dituzte. Plaza pilotari profesionalek eta pilotazaleek hartuko dute eta txapelketa Leitzan akituko da abuztuaren 14an jokatuko den final handiarekin.
Trikidantz taldea
Egun berean, ilunabarrean, Trikidantz taldearen doinu alaiek girotuko dute herria. 19:00etan hasiko da kontzertua eta 20:30era arte luzatuko da.