Nafarroako XVI. erremonte txapelketako lehen faseko azken-aurreko jardunaldia jokatuko dute uztailaren 24an, larunbatean 19:30ean hasita Alstasuko Burunda pilotalekuan. Zeberio II.ak eta Ionek eta Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Barricartek finalerdietara sartzeko aukerekin segitzea izanen dute jokoan, dagoeneko finalerdietan dauden Aldabe eta Aimar Saldias oiztarrarekin batera.
Zeberio II.a eta Ionentzat azken jardunaldia da. 9 punturen jabe dira eta Altsasun garaipena lortuko balute, 13 punturekin finalerdietan izanen lirateke eta kanpoan utziko lituzkete Ezkurra II.a eta Barricart. Hauek 5 puntu bertzerik ez dituzte, baina Donezteben jokatuko den azken jardunaldia ere hor dute. Beraz, Altsasun irabaziz gero, edo guttienez Zeberio eta Ionen aitzinetik geldituz gero, oraindik sailkatzeko aukera izanen lukete. Aldabe eta Saldiasek dagoeneko txartela eskura dute.
Igandean bertze jaialdia Altsasun
Azken asteetako konpetizio ereduari eutsiz, igandean bertze erremonte jaialdia izanen dute Altsasun, 19:00etan hasita. Partida nagusian, bezperako bi bikote onenek jokatuko dute elkarren kontra eta jaialdiko lehen partidan, Erburu eta Otano, Matxin III.a eta Agirrezabalaren kontra ariko dira.
Bi jaialdiak Josefina Arreguiren aldekoak izanen dira. Ikusleek 5 euro ordaindu beharko dute eta biltzen dena, oso-osorik, klinika horretara bideratuko dute.