Iñigo Oskoz

«Gaztetxoen gustuen arabera egokituko dut Udako Kirol Eskola»

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 22a, 14:00
Iñigo Oskoz Gago Udako Kirol Eskolaz arduratuko da uda honetan.

Iñigo OSKOZ GAGO Doneztebeko gaztea

Egunean egunekoa bizi duen gaztea da Iñigo Oskoz Gago (Doneztebe, 1996). Lagunekin egotea eta kirola ditu zaletasun eta horixe da gehien egiten duena: «kirola, lagunekin garagardotxo bat hartu, ilobari bisita egin...». Mendia, bizikleta, frontenisa... aunitz dira gorputza mugiarazteko dituen moduak baina, horrez gain, «musika aditzea, telesailak ikustea edota liburu interesgarriak irakurtzea» ere gustatzen zaio. 

Aspalditik Erreka Kirol Elkarteko kidea da Oskoz eta, tartean, Atarrabiako Beti Onak taldean ere ibilia den arren, urte gehien-gehienak herriko taldean egin ditu: «zortzi- hamar urte nituela sartu nintzen Errekan eta Atarrabian egindako lau urteak salbu, gainerako guztiak Errekan jokatu ditut». Eskubaloiaz gain, futbola ere probatua du doneztebar gazteak: «zortzi urterekin hasita Batxillergoko bigarren mailara arte biak uztartu nituen». Aukeratu beharrak eraman zuen eskubaloian segitzera eta gaur egun horretan bakarrik ari da. 

«Jokoak ez ezik gaztetxoekin ateraldiak ere egin nahi ditut»

Hurrengo denboraldirako gogotsu
Aurtengoa, denboraldi «arraroa» izan da  eskubaloi taldeko guztientzat: «egoera kontuan hartuz ez parte hartzea erabaki genuen eta guttinaka hamar bat taldekide entrenatzen hasi ginen». Entrenamenduak bai baina partidarik jokatu gabe egin dute aitzinera. Eta, orain, atseden hartzeko tenorean daude: «gaztetxoek eta seniorrek ikasturtearekin batera entrenamenduak uzten ditugu. Denboraldi-aurrea abuztu erditsuan hasiko dugu». 

Jendea «gogotsu» ikusten duenez, hurrengo denboraldia ere halakoa izatea espero du: «azken urteak arrunt politak izan dira guretako. Taldeak baja garrantzitsuak izan ditu, baina gelditu garenekin eta indartsu heldu diren gazteekin hurrengo denboraldirako talde polita izanen dugula uste dut. Borrokarako prest gaude behintzat!» dio irri artean. 

Udako Kirol Eskola, gozamena eta kirola
Kirola du afizio, eta kirola izan nahi du ofizio. Hortaz, Lehen Hezkuntzako Heziketa Fisikoko ikasketak egin ditu Oskozek. Horri eta Errekarekin duen loturari esker, uda honetan, bere ikasketekin lotutako lana izanen du. Errekak antolaturiko Udako Kirol Eskolaren arduradun izanen da aurten: «Joseba Legarrak proposatu zidan eta, kontu hauek ikaragarri gustatzen zaizkidanez, berehala baiezkoa eman nion, kontent gainera!».

Uztailaren 26tik abuztuaren 20ra bitarteko eskolara begira ideia andana ditu eta gogoz  dago gaztea: «Kiroldegian eta frontoian egin daitezkeen kirol anitzez gain, jolas eta joko aunitz egin nahiko nituzke, baita bizikletaz, patinekin edo oinez ateralditxoren bat ere». 
Saioak «gaztetxoen nahien edo gustuen arabera» egokitzeko asmoa du: «antolakuntzaren aldetik nahiko irekia izatea gustatzen zait, ttikiek horrela gehiago disfrutatzen dutela iruditzen zaidalako». Gehiago ere bada: «eguraldi ona dagoenean jarduerak kanpoan eginen ditugu».  

«Garenekin eta heldu direnekin talde polita osatu dugu»

Izen-ematea eta  taldekatzeak
Sei eta hamabi urte bitarteko gazteekin bilduko da Oskoz eta taldeak «adinaren arabera» eginen dituzte: «jarduerak eta kirolak euren beharretara egokituz». Hala ere, oraindik ez daki banaketa nola izanen den: «izen-ematea uztailaren 21era arte irekita dago eta apuntatzen diren kide kopuruaren arabera izanen da antolaketa». Aitzineko urteetan bitan banatu dituzte: «talde bat 10:00etatik 11:00etara eta bertzea 11:00etatik 12:00etara». Hala ere, egokitzeko prest daude.

Kirolaren arabera gaztetxoei materiala eramateko eskatuko zaie: «patinak, erraketak, bizikletak…». Gehienek badituzten arren, Erreka Kirol Elkarteak beharrezko materiala ere utziko die eta material horiek ez dituztenei «elkartekoak uzten» saiatuko dira, guztiek goza dezaten. 

Oskozek argi du gaztetxoendako aukera ezin hobea dela kirol eskola eta, horregatik, «lagun artean kirolaz gozatu nahi duten gazte guztiei» gonbidapena luzatu nahi izan die: «edozein zalantza izanez gero Erreka Kirol Elkarteak zintzilikatu duen karteletan nire telefonoa duzue eskuragarri. Beldurrik gabe deitu, galdetu eta gustuko baduzue etorri eta probatu. Gozamena zuen esku dago, seguru nago ederki pasatuko dugula!». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun