Erremonteko banakako txapelketa hasteko, zortzi erremontista bi taldetan banatu dituzte. Talde bakoitzeko lehen sailkatua buruz buruko txapelketan sartuko da. A taldean Oskar Urrutia II.a saldiastarra, Aizpuru III.a, Zaldua I.a eta Goikoetxea V.a daude eta B taldean Aritz Zubiri goizuetarra, Martirena, Larrañaga eta Zaldua II.a.
Astearte arratsaldean lau partida jokatu zituzten, eta B taldeko lehen partidan, Aritz Zubiri goizuetarrak 30-22 irabazi zion Martirenari, pronostikoa betez. Talde berean Zaldua II.ak sorpresa eman zuen, Larrañagari 29-30 irabazita.
Hirugarren partidan, Aizpuru III.ak sei tantotan utzi zuen Zaldua I-a. Aizpuru III.a zen faboritoa, baina gutxik espero zuten hain emaitza ona. Goikoetxea V.ak 30-22 irabazi zion Oskar Urrutia II.a saldiastarrari.
Hurrengo jardunaldia ortzegunean jokatuko dute, berriz ere lau partidarekin, eta sarrera doan izanen da Galarreta pilotalekuan, 16:30etik aurrera. Ligaxkako azken partidak uztailaren 24an, larunbatean eta datorren asteartean, uztailaren 27an, jokatuko dituzte.