Eneit Bertiz Apezetxea

«Entrenamendurik gabe aitzinean egotea hagitz zaila da»

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 17a, 08:00

Zaletasun bat baino gehiago da txirrindularitza Eneit Bertizendako. Hainbat garaipen lortu ditu dagoeneko bere ibilbide laburrean eta ideiak argi ditu etorkizunerako.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

16 urteko mutiko sunbildar bat naiz.

Zein dira zure zaletasunak?

Egia erran, zaletasun anitz ditut, adibidez: bizikletan ibiltzea, motoan ibiltzea, lagunekin egotea, kotxeak, ehiza…

Noiz ikasi zenuen bizikletan ibiltzen?

Bi urterekin hasi nintzen bizikletan ibiltzen. Gainera, gibeleko gurpiltxorik gabe, nire anaia ordurako bizikletan normal ibiltzen zen eta nik bera bezala ibili nahi nuelako.

Noiz hasi zinen txirrindularitza serioago hartzen?

Orain dela bi urte hasi nintzen serioago. Ordura arte futbolean jokatzen nuen, baina lagunek lasterketetan parte hartzera animatu zidaten eta orduan hasi nintzen.

Podio anitzetara igo zara, azken aldian Euskadiko Irekian eta Lizarrako Superprestigioan. Zein da sekretua?

Nire ustez sekreturik handiena entrenatzea da, entrenamendurik gabe aitzinean egotea hagitz zaila delako. Baina bertze gauzek ere inportantzia dute, adibidez, zorteak.

Zenbat denboraz entrenatzen zara astean?

Normalean zortzi-bederatzi orduz entrenatzen naiz, karrerak barne. Baina anitzetan aldatzen ahal da, eskola garaian denbora gutiago daukat eta udan gehiago entrenatzen naiz.

Zeintzuk dira zure erreferenteak txirrindularitzan?

Mathieu van der Poel txirrindulari herbeheretarra da nire erreferenterik inportanteena.

Zer da kirol honetan gehien eta guttien gustatzen zaizuna?

Gehien gustatzen zaidan gauza lagunekin bizikletan ibiltzera joatea da eta guttien behar den dedikazioa.

Etorkizunari begira, txirrindularitza ogibide bihurtzea gustatuko litzaizuke?

Gustatuko litzaidake, bai. Baina hagitz zaila ikusten dut, maila altua dago eta arrakastatsua izatea hagitz zaila da.

Zure asmoak epe motzera?

Epe motzera, Espainiako Txapelketara joatea eta han lan ona egitea da nire asmorik handiena.

Eta epe luzera?

Epe luzera, arrakasta izatea bizikletan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun