Herri kirol txapelketak jokoan izanen dituzte asteburuan Donezteben

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 7a, 15:00

Larunbat arratsaldean Nafarroako orga joko txapelketa, lokotx biltze txapelketa eta kadete mailako arpana txapelketa jokatuko dituzte Doneztebeko Bear Zana plazan 18:00etan, eskualdeko kirolari aunitzekin.

Uztailaren 10ean hitzordua dute herri kirol zaleek Donezteben 18:00etan. Nafarroako Orga joko txapelketa, Lokotx biltze txapelketa eta kadete mailako Arpana txapelketa jokatuko dituzte Bear Zana plazan.

Orga jokoan gibeleko aldetik hartuz eta gurpilek lurra jo gabe, orgari ahalik eta bira gehien eman beharko dizkiote. Oskar Aguas (Berriozar), Josetxo Urrutia (Leitza), Iosu Marturet (Antsoain) eta Unai Bertiz (Sunbilla) izanen dira parte-hartzaileak.

Lokotx biltze proban 1,25 metrotara paratutako 50 lokotx biltzea izanen da lana, bi lerrotan. Gizonezkoetan Unai Iantzi (Aniz), Aitor Blanco (Txantrea), Asier Gamio (Berroeta), Josu Elizalde (Betelu), Antton Jauregi (Amaiur) eta Eneko Herrera (Sunbilla) ibiliko dira lehian. Emakumezkoetan, berriz, Irune Biurrun (Antsoain), Ainhoa Iraizoz (Eltso), Ainhoa Etxegarai (Bera), Maika Ariztegi (Ituren), Sara Zapata (Txantrea), Alba Cobo (Antsoain) eta Lucia Etxeberria (Goizueta) izanen dira parte-hartzaileak.

Arpana txapelketan, kadeteek etzanda paratutako metroko enborrari hamar epai eman beharko dizkiote. Bortz bikotek parte hartuko dute; Larraitz Eugi eta Manex Sarasola (Igantziko Biltoki HKT), Ane Telletxea eta Iñigo Txoperena (Biltoki HKT), Uxue Biurrarena eta Luken Urtxegi (Biltoki HKT), Oihan Biurrun eta Asier Muñoz (Antsoain HKT) eta Urko de la Torre eta Araitz Mendioroz (Antsoain HKT).

Nafarroako Gobernuak, Herri Kirol Federazioak eta Doneztebeko Udalak antolatu dituzte jokoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun