Ane Miren

«Zirkuko lana baloratu eta errespetatzea lortu dut»

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 19a, 10:00
2018az geroztik Gure Zirkuan lan egiten du Ane Mirenek. Horrez gain, goizetan klaseak ematen ditu.

30 urte baino gehiagoren ondotik, bihurkari lana utziko du Ane Mirenek. Hala ere, zirkuan segitu nahiko luke.

Aho zabalik gelditzen dira Gure Zirkuko ikusleak Ane Miren (Bilbo, 1974) ikusten dutenean. Bihurkaria da, bizi erdia baino gehiago darama bere gorputza lantzen, mugimenduetan trebatzen, eta «momentu onak eta ez hain onak» bizi arren, aurrera egin du. Bidea ez da alferrikakoa izan. Nahi duena eginez, nahi izan duen moduan, bizi ahal izan du bere bizitza. Ezinezkoa zena egingarri bihurtu du. Eta berea eta beste askoren lanbidea dena «baloratzea eta errespetatzea» lortu du. Bilbotik Londresera, Londrestik Bartzelonara eta buelta Euskal Herrira. Asko izan dira zapaldu dituen kaleak, eta batean eta bestean ikuskizunak emateaz gain, zirkuetan ibili da. Inoiz ez du, ordea, Gure Zirkua bezalako «familiarik» ezagutu. Artisten gozamena ikusleei helaraztea eta haiek horrekin gozaraztea maite du, eta horretan segitu nahiko luke. Hala ere, orain artean ez bezala izanen da aurrerantzean: «bihurrikatzea nahikoa egin dudala uste dut eta abenduan utziko dut. Hala ere, hori ez den gauza asko egin daitezke zirkuan». 

Bilboko zirkuan hasi zenuen ibilbidea…

Kirol elkarte batean nengoen eta mutilak gimnasia artistikoa entrenatzen ikusi nituenean nik ere nahi nuela pentsatu nuen. Neskei, ordea, ez zieten entrenatzen uzten. Hala ere, ni beraiengana joan nintzen. Oso burugogorra naizela ikusi zuten, beraiekin entrenatu nahi nuela. Horrelaxe hasi nintzen bederatzi urterekin... 14 urte egin nituenean ez nintzela horren txarra ikusi zuten eta neskekin bidali nahi izan zidaten. Nik ez nuen nahi, horiek zirelako nire lagunak, ordura arte beraiekin egona nintzen…

Kirol-elkarte horretan zirku bat zegoen eta lehenbiziko aldiz hori ikusi nuenean bihurkariekin liluratuta gelditu nintzen. Bi numero zeuden, bata neska bat, bera bakarrik; eta bestea, hiru neska, numero bat egiten. Ez magoak, ez malabaristak ez ninduten bihurkariek beste liluratu. Nire ama zirkuko zuzendariarekin egon zen eta bihurkari nahiko bazituztela esan zioten. Orduan monozikloarekin hasi nintzen. 

«Bihurkarion lana ez zela kalerako ohartu nintzen»

Ane Miren, Malerrekan bizi den artista bizkaitarra

Gero Londresen ibili zinen...

18 urterekin joan nintzen, abentura bizitzera. Kalean ikuskizunak egiten hasi nintzen. Zirku edo antzokietako ikuskizunek ez dute kalekoarekin zerikusirik. Kalean ordu erdiko ikuskizunak egin behar izaten genituen eta teknikoki bost-hamar minutukoak ziren, gainerakoa betelana izaten zen, jendea biltzea eta entretenitzea. Ia hiru urtez ibili nintzen horretan. 

Eta hortik Bartzelonara...

Bartzelonara joan nintzenean La Rambla pasealekuan hasi nintzen eta Errege plazaraino ikuskizunak ematen aritzen nintzen. Dirua ateratzen nuen baina bihurkarion lana ez zela kalean egitekoa ohartu nintzen. Lurreko bihurkari izatea teknikoki zirkuan dagoen lanik gogorrena dela esanen nuke. Lan gogorra da eta mantentzea kosta egiten da. Azken batean, ez dugu lan tresnarik, gorputza bera da lan tresna. Orduan ez nuela horrela lan eginen pentsatu nuen eta gogor entrenatzen hasi nintzen. Hamar orduz entrenatu nuen urtebete pasatxoz, maila ona lortu arte. Maila ona lortu nuenean zortzi ordutara jaitsi nuen, horixe zen nire lana.

Londresen eta Bartzelonan bizi izan da. Azken bost urteetan, ordea, Malerrekan du bizitoki.

Zenbat denboraz egon zinen Bartzelonan eta nolako esperientzia izan zen?

Hamar urte egin nituen, astegunez entrenatu eta asteburuetan ikuskizunak emanez. Bartzelonan hasieran malabaristak eta animazioa egiten zutenak ziren gehienak eta nik bihurkaritzearekin bide batzuk zabaltzea lortu nuen, numero laburrekin. Beti ia 40 minutuko ikuskizunak eskatzen zituzten eta nik ez nuen hori onartzen. Zirkuko jendearekiko errespetua eskatzen nuen. Asko kostatu da, jendeak zirkuan aritzen garenak edozer garela uste du eta hori ez da horrela. Numero bakoitzaren atzean kristoren lana dago eta hori ez du ikusten, jendeak muslariak garela uste du, zerbait esateagatik. 

Sakrifizio handia egin behar izan duzu bihurkari izateko?

Bai, bai. Azkenean lortu nuen. Eta gainera oso kritikoa izan naiz, ez dut edozeinentzako lan egin. Gogoratzen naiz deitu eta ‘eginen didazu bost minutuko ikuskizun bat, bost minutu bakarrik e…’ esaten zidatenean ‘begira, gauza bat eginen dugu: eskegi telefonoa, informa zaitez lehenbiziko nitaz eta gero ia barrabilak dauzkazun berriro deitzeko eta proposamen bera egiteko’ erantzuten nien. Eta noski, ez zuten berriro deitzen. Horrela errespetua lortu nuen, emakumezkoa eta bihurkaria izanda, nire lana gutxietsia zen eta. Bost minutuko emanaldi baten atzean milaka ordu daude, ez direnak ordaintzen. Pixkanaka teknikoki eta artistikoki maila ona edukitzea eta errespetatzea lortu dut. 

«Zirkuan aritzen garenak edozer garela uste dute»

Ane Miren, Malerrekan bizi den artista bizkaitarra

Gaur-gaurkoz, bihurkari izatetik bizi zara?

Bai, beti edo ia beti. Denboraldi txarrak egon dira, eta ez hain txarrak ere bai. Baina 14 urterekin hasi nintzen ikuskizunak ematen. Lantzen duzun arloaren arabera batzuetan udan lan gehiago egiten da, besteetan neguan. Nik urte osoan izaten nuen lana. 

Izerdiz irabazitako lana izan da, beraz.

Bai, baina, bat-batean, ezagutzen zaituzten momentuan, bakarrik doa. Nik ez nion neure buruari publizitaterik egiten, ez nuen txartelik. Gehiago ere bada. Urte batean txartel batzuk egitea bururatu zitzaidan eta ez zidan inork deitu. Ez nituen gehiago egin eta lana nuen… 

2018az geroztik Gure Zirkuan ari zara lanean… Nola hasi zinen?

Orain dela sei-zazpi urte Iker Galartzarekin lan egin nuen Leidorren, urtero Gabonetan zirkuko jendea elkartu eta emanaldi bat egiten zuen. Hor ezagutu genuen elkar. Gure Zirkua sortu zuenean ni erretiratuta nengoen, ikuskizun oso puntualak egiten nituen. Berak bere artistak zituen baina norbait falta zenean deitu egiten zidan eta ordezkapenak egiten nituen. Horrela lau asteburu egin nituen eta gero lantaldean sartu nintzen. Hasieran ez nuen numerorik, musika jartzen zidaten eta inprobisatu nezakeen. Bigarren urtean musika bat jarri zidaten eta hirugarrenean numero bat sortu nuen. 

Zer dago Gure Zirkuaren atzean?

Familia bat gara. Zirkuetan egin dut lan, baina benetako familiarena ez dut bizi beste zirkuetan. Inbidia handia dago, zirkuan, orokorrean, gustatzen ez zaidan zerbait dago. Baina hemen oso gustura nago, horregatik ari naiz hemen lanean. Emanaldia bukatzen denean gure artean dugun harremana ikustea aski da. Artista bakoitzaren atzean pertsona bat dago, bakoitzaren berezitasunak ikustea oso barregarria eta oso polita da.  

«Zirkuetan ibilia naiz baina familia Gure Zirkukoa da»

Ane Miren, Malerrekan bizi den artista bizkaitarra

Laugarren bira Errenterian hasi duzue, Muxikan izan zineten gero…

Muxikakoa oso berezia izan da. Bilbon jaio nintzen baina Akordakoa sentitzen naiz eta niretzat oso berezia izan da hurbil egotea. Entrenatzen ikusten zidan jende askok ikuskizuna ematen ikusi nau eta ez zuten espero bihurrikatzea lantzen egotea, adinagatik pentsatzen dut. Bartzelonatik etorri nintzenean izaera bereziko neskatzat hartu ninduten… eta orduko hartan ondo ikusten ez zuen jende askoren ahoak, nahi gabe, isildu ditut. 

2019an Nafarroan izan zineten, Leitzan eta Elizondon… Berriz bueltatzea aurreikusi duzue?

Bueltatuko gara, bai. Baina ez dut deus aurreratuko, izanen duzue horren berri.

Herri batetik bestera lekualdatzea lan handia izaten da?

Bai, eta hori ez da ikusten. Dena guk egiten dugu, batzuk gehiago besteek gutxiago, bakoitzak ahal duena… Batean bukatu eta bestea segidan izaten da, ez dugu deskantsurik izaten. Baina lan hori ere oso polita da, ez da emanaldia bakarrik. 

Lurreko bihurkari izatea «zirkuko lanik gogorrena» dela eta dagoeneko «nahikoa» egin duela uste du Ane Mirenek.   

Zertan eragin du koronabirusak zuen emanaldietan?

Mundu guztiari bezala, guri ere mugatu digu. Apirilean beharrean uztailean hasi genuen bira. Ikerrek izugarrizko apustua egin zuen, askoz ere karpa handiagoa alokatu zuen, distantziak eta neurriak errespetatzeko eta jendea lasai etortzeko. Ongi atera zen. Bi hilabete Orion, beste bi Arrasaten eta Tolosan izan ginen. Beti urduri joaten ginen, zirkua itxiko zigutela pentsatzen genuen. Azkenean, zorte handia izan dugu. Jendea zirkura etorri da eta denek errespetatu dute. Hasieran oso arraroa izan da publikoa maskararekin ikustea, ez genekien barrezka edo negarrez ari ziren. Baina oso gustura, asko gozatu dute eta dugu. Egia esan ikusleek guk geuk ere lanean gozatzen dugula ikusten dutela uste dut.

Urtero emanaldia aldatzen duzue...

Berez bai, baina pasa den urtean ezin izan garenez asko mugitu mantendu egin dugu. Orain numeroak aldatzen joanen gara, emanaldi guztia aldatu arte.

Nola izaten da aldaketa prozesu hori?

Nik musika prest egon arte ez dut ezer egiten. Nire kasuan ‘Volver’ kanta proposatu zidan, oso ona iruditu zitzaidanez musikariek prestatu zuten. Eta ondotik prestatzen hasi nintzen. Egia esan, oraingo honetan musikarekin bat egitea gehiago kosta zait, oso arraroa izan da. 

«Berriz ere Nafarroara bueltatuko gara»

Ane Miren, Malerrekan bizi den artista bizkaitarra

Bihurkari lan hori utziko duzula jakinarazi duzu...

Bai, aurten bihurkari lana utziko dut. 47 urte dauzkat, bizitza guztia neure gorputza doblatzen daramat eta nabaritzen da. Edozein kolpe, edozer gauza… adinarekin gorputzean nabari da. Lesioek askoz gehiago irauten dute eta ez dut nahi. Badaude beste gauza batzuk zirkuan egiteko. Abendurako beste numero bat, beste teknika bat, beste edozer eginen dut… Baina bihurrikatzea ez, nahikoa egin dudala uste dut. 

Beraz, ez zaitugu berriz maleta batetik ateratzen ikusiko ezta?

Bidaiatzeko txertoa eskatzen badute agian eginen dut halakorik, baina bestela ez dut uste (irri artean).

Aurrera begira, zein da zure asmoa?

Ez dakit, ez dut pentsatu nahi, ez dut jakin nahi. Hemen eta orain nago eta beste guztia… Zirkuan segitzeko asmoa bai badut, ahal bada bai baina inoiz ezin da jakin.

Besterik gehitu nahi duzu?

Jendeari bizitza gozatzeko, irri egiteko, bizitzeko, eta gurekin gozatzeko zirkura etortzeko esan nahiko nioke. Bizitza bakarra dugu eta hori bizi behar dugu, ezin digu inork kendu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun