Euskara eta familia lanaren ardatz
Aukeratua izatea «ez zela erraza» izanen jakitun, eman beharreko pausoak ematea erabaki zuen eta onartua izatea lortu du. Adina, jakintzaren iturri lanak eman dio sarbidea Zulaikari, «amatxi Maria Jesusen bizitza komiki bidez» kontatzen duen lanak. Horrekin, gaur egun ikasten duen ikastetxean euskaraz ikasi ahal izateko berak jarritako aletxoari tarte egin nahi izan zion. Joan den urtean espedizioa egin ez zenez eta aurtengorako «bi urtetako hautagaiak» zeudenez, ez zuen aukeratua izatea espero. Lagun batekin Mendaur mendirantz zihoala, sorpresaz jakin zuen onartua izan zela: «amak mezua bidali zidan eta poz handia hartu nuen».
Euskal Herria eta herritarrak ezagutzeko gogotsu
Euskara eta euskararekiko estimua belaunaldiz belaunaldi pasatu da bere etxean eta, hortaz, hizkuntza ohituretan «aldaketarik ez» du espero Doneztebeko gazteak. Hala ere, bertzelako ekarpenak eginen dizkiola uste du: «Euskal Herriko hainbat txoko eta jende aunitz ezagutzea espero dut...». Zulaikak bigarren egonaldian parte hartuko du, uztailaren 16tik 25erako kanpaldian zehazki eta, oraindik hilabete pasatxo falta den arren, gogotsu dago. Aurreikuspenik gabe, eguna ailegatzea bertzerik ez du desio: «ez dut sobera pentsatu, ailegatzen denean esperientzia biziko dut eta orduan jakinen dut zer den». Momentu honetan, koronabirusak kezkatzen du. Izan ere, «egoera honetan deus ez da segurua eta espedizioa ezeztatzearen beldur naiz».