Doneztebeko San Miguel eskolako ikasleek eskola bideak markatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 17a, 10:30

Doneztebeko Udalak, San Miguel ikastetxearekin, Mendaur institutuarekin, Malerrekako Mankomunitatearekin eta Osasun Zentroarekin elkarlanean, Eskola Bideak proiektua garatu du. Azken egun hauetan Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleak eskola bideak markatzen eta egin duten proiektuari buruzko albistea jorratzen aritu dira. Hona hemen utzi dizkiguten azalpenak eta argazkiak.

Orain dela urte gutxira arte, ikastetxera oinez joatea arruntagoa zen. Gaur egun zoritxarrez, ez; guraso anitzek umeak ikastetxeko sarreraraino autoz eramaten baitituzte.

Ikastetxera oinez joateak sortzen dituen onurak berreskuratzeko asmoz, Doneztebeko Udalak, San Miguel Ikastetxearekin, Mendaur Institutuarekin , Malerrekako Mankomunitatearekin eta Osasun
Zentroarekin batera, Eskola bideak izeneko proiektua abian paratu du.

Ikastetxera oinez joatean, autonomia pertsonala, heziketa fisikoa, horrek dakarren osasun fisiko-mental ona eta umeen arteko sozializazioa bultzatzeaz gain, autoen kopurua, zarata eta kutsadura murrizten dira eta era berean, eguneroko joan etorrietan ikasleen segurtasuna handitzen da, batez ere, euria egiten duenean eskolako sarreran kotxeak pilatzen baitira.

2018-2019an eskolak eta Doneztebeko Udalak sei ibilbide seguru identifikatu eta markatu zituzten, DBH eta LHko ikasleak eskolara
bizikletaz, oinez edota patinez etor daitezen. Horretarako, idorpe eder
bat egin zen bertan bizikletak eta patinak aparkatzeko. Hau guzia, Nafarroako Gobernuaren eta Doneztebeko Udalaren dirulaguntzarekin aitzinera eraman zen.

2019-2020an ibilbideak markatzeko plakak eta lurreko seinaleak erabili dira. “Artlepo” izeneko enpresak panelen diseinua egin zuen. Hasierako puntuetan dauden plaketan honako informazio hau ikusten da: ibilbidearen zenbakia eta kolorea, elkartzeko ordua, mapa eskematikoa eta eskolaraino dagoen distantzia eta denbora. Hau guzia, 2020ko martxoan margotzea aurreikusia zegoen baina pandemia dela eta atzeratu egin da.

2020-2021ean, 6.mailako ikasleek eskolara joateko sei ibilbideak
margotu dituzte. Horretarako, aztarna gisa, aurreko ikasturtean
lehiaketa bidez aukeratutako logoa erabili dute eta ibilbide bakoitza bere kolorean margotu dute. Ekainaren 11n egindako lanaren informazioa eta argazkiak San Miguel ikastetxeko web gunean aurki ditzakegu. Era berean, ibilbideak markatu bitartean ibilbide horietan aurkitutako arrisku eta gabeziak identifikatu dituzte eta horrekin guztiarekin, txosten bat sortu dute udalari jakinarazteko.

2021-2022 ikasturtean, eskolako bide seguruak zabaltzeko, eskolak
hizkuntza ezberdinetan idatzitako triptikoak banatuko ditu, triptiko
horietan hizkuntza bakoitzari dagokion QR kodeak egongo direlarik.
Beraz, triptikoak euskaraz, gazteleraz, ingelesez, frantsesez eta
arabieraz irakurtzeko aukera izanen da. Honetarako, itzulpen lanetan,
irakasleen, familien eta DBHko ikasleen laguntzaz baliatu gara. Eskola bideak inklusiboak nahi ditugunez, zebra bideen parean ikur ezberdinak jarriko dira.

Proiektu hau aurrera eramateko, eskola, udala eta gizarte zerbitzuak
elkarlanean aritu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun