Abizenek islatzen dute Marion Elizalde Howarden (Zubieta, 2004) izatea: «alde batetik, Zubietako familia handiak eta euskal ohiturak jarraitzen dituenak eta bestetik, Ingalaterran dudan familia txikiak, urtean bizpahirutan bisitatzen dudanak». Batetik eta bestetik edanez, eta amarekin Thailandiara, Marokora, Danimarkara, Esloveniara eta Europako beste hainbat herrialdetara bidaiatuz, asko ikusi eta ikasi du gazteak. Bide horri segida emateko eta, liburuetan idatzita dagoenaz harago, munduan gertatzen dena eta bizitzak erakusten duena ikasteko gogoz, ikasketei segida atzerrian ematea erabaki zuen zubietar gazteak. Batxilergoko lehenbiziko maila akituta, joan den astean bueltatu zen herrira eta abuztu hondarrera arte Malerrekan izanen da. Orain arteko esperientziaz eta aurrera begirako asmoez aritu da Ttipi- Ttaparekin.
Galesen ikasten ari zara... Noiz joan zinen eta noiz arte izanen zara han?
UWC Atlantic College izeneko eskolan IB izeneko ikasketak egiten ari naiz, Batxiler internazionala. 2020ko irailean joan nintzen, lehenbiziko ikasturtea dut han eta bi urteko ikasketak dira, 2022ko maiatzean akituko dut.
Zer dela eta erabaki zenuen hara joatea?
Nire Ingalaterrako familia oso lotua egon da beti mundu akademikoarekin eta horrek beti ikasketei garrantzi handia ematera bideratu nau. Eskola hau oso ospetsua da. Hamazazpi eskolaz osatutako mugimenduaren fundatzailea da. Eskola hauek lau kontinentetan kokatuta daude. 90 nazionalitate baino gehiagoko pertsonak daudenez, bere helburua munduko nazio eta kulturak batzea da. Politika globala bezalako ikasketak ematen ditugu eta askotan etorkizun iraunkorraren aldeko proiektuak lantzen ditugu. Gaur egungo munduan dauden gatazkei buruz ere asko solastatzen dugu, konponbideak proposatuz. Mundua eraldatuko duten gazteak sortzea dute helburu.
Nolakoa da egunerokoa han?
07:20an ernatzen gara, denok elkarrekin gosaltzen dugu eta klaseak 8:00etan hasten ditugu. Lau klase ematen ditugu, 08:00etatik 13:00etara. Ondotik, denok batera bazkaltzen dugu eta, gero, arratsaldeko programa hasten da. Arratsaldeak proiektuz beteta egoten dira. Hitzaldi asko izaten ditugu: planetaren iraunkortasunari buruz, politikari buruz, munduko gerrei buruz, kulturei buruz... Bestalde, eskolak duen campus handian kirola egiteko aukera dugu: bi igerilekuetan igeriketa egitea, eskolako hondartza zatian surfa egitea, tenisa, saskibaloia, futbola, dantza akademian dantza... Badira, baita ere, mundu osoko unibertsitateekin antolatzen diren bilerak eta, bi astetik behin, emanaldi eta konferentziak egiten ditugu mundu guztiko gaiak landuz: Asiako gaiak, Afrikar kultura, Estatu Batuetako ospakizunak...
Zertan aldatu zaizkizu klaseak Euskal Herritik Erresuma Batura?
Euskal Herrian 11 ikasgai nituen. Hemen, nire ikasgaiak matematika, fisika, ekonomia eta politika globala dira, espezialitate bezala. Hala ere, gaztelera eta frantsesa ere ikasten ditut. Programa hau guztiz espezifikoa da eta ikasle bakoitzak aukeratu dezake zer ikasgai ikasi. Nire interesak legea, zientziak eta ekonomia direnez, ikasgai hauek aukeratzea erabaki nuen. Dena ingelesez egiten dut eta Malerrekan dena euskaraz egiten nuen. Beraz, aldaketa gogorra izan da niretako. Nahiz eta amarekin beti ingelesez aritu eta ahozkoa guztiz menperatu, ez nuen inoiz ingelera idatzia horrenbeste praktikatu.
«Familia eta lagunak hurbil ez izatea zaila izan da»
Marion ELIZALDE HOWARD, Zubietako gaztea
Pandemiaren ondorioz, zer neurri hartu dituzue ikastetxean?
Bertan campus pribatu bat dugunez eta Covidarengatik bertatik ateratzea debekatuta dugunez, ez dugu musukorik erabiltzen eta ez dugu pertsonen arteko distantzia zaintzen. Etorri ginenean denei Covid testa egin ziguten, 10 egunez isolatuta egon ginen eta orain lasai bizi gara. Irakasle asko campusean bizi dira. Guztiz isolatuta bizi gara hemen eta koronabirusik ez dagoela dirudi.
Han zeundela, bidaiatzeko asmorik bazenuen?
Koronabirusik ez balego, Ingalaterra eta Gales guzitik mugitzeko aukera izanen genuke. Ikasle askoren planak asteburuetan Londresera joatea eta bertan pisu bat alokatzea izaten dira. Baina aurten ezin izan dute horrelakorik egin. Beste aldetik, eskolak hainbat espedizio antolatzen ditu mundu osoan zehar, leku horietako arazoak konpontzen laguntzeko, boluntario gisa. Eta horrelakoak egiteko ere ez dugu aukerarik izan aurten. Pena izan da.
Ikasturtean zehar, zenbatetan izan duzu herrira bueltatzeko aukera?
Normalean, hilabetean behin izaten dugu etxera itzultzeko aukera baina ikasturte honetan behin bakarrik bueltatu naiz, Eguberrietan. Hala ere, Eguberrietan etorri nintzenean, Malerrekan egon behar izan nuen martxora arte, Covidak ez baitzidan bidaiatzen utzi. Joan den astean uda guztirako bueltatu nintzen eta, ikasturtea irailean hasiko dugun arren, abuztuaren 27an bueltatuko naiz, ikasle berriei ongietorria egiteko prestaketetarako. Hurrengo urtean bidaiatzeko arazorik ez izatea espero dut.
Nola bizi izan duzu egoera hori?
Nahiko etxezuloa naiz eta pena handia eman dit familia eta lagunak horren luzez ez ikusteak. Kanpoan bizitzearen alde zailena familia eta lagunak hurbil ez izatea izan da. Haien falta sumatu dut, baina laguntza ere sentitu dut, gaur egungo teknologiekin erraza baita elkar bideoz deitzea eta elkar ikustea.
Nolako esperientzia izaten ari da?
Hasieran pixka bat kostatu zitzaidan bizimodu honetara ohitzea, etxeko erosotasuna faltan sumatu nuen eta eskola barnetegia denez, denbora guztian jendez inguratuta egoteak nekatzen ninduen. Orain, bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan, askoz gusturago egon naiz, lagun oso onak egin ditut eta eskola honen luxu guziak ehuneko ehunean aprobetxatzen ikasi dut. Hemengo bizia oso kaotikoa da, milioika gauza ditugu egiteko egunero eta hau kudeatzen ikasten ari naiz oraindik.
Zeren falta izan duzu?
Pribatutasun falta pixka bat nabaritu dut, 24 orduz jendez inguratua egoten naiz eta oso gutxitan harrapatzen dut bakarrik lasai egoteko denbora. Hemen etxe handitan antolatzen gara, etxe bakoitzean 50 ikasle gaude eta logela bakoitzean lau.
Zer da gehien gustatu zaizuna?
Hemen gehien gustatu zaidana mundu guztiko jendearekin izandako elkarrizketa interesgarriak izan dira. Nire gelan, adibidez, Txinako, Singapur- Norvegiako eta Espainiako bi neskarekin ikasten dut. Kulturalki aniztasuna dagoen arren, ongi moldatzen gara eta bizi guztirako lagunak egin ditudala dakit. Horrez gain, eskolak mila aukera eskaintzen dizkigu ikasle bezala eta edozer egiteko proiektuen proposamenak onartzen dizkigute. Irakasteko modua ere oso egokia iruditzen zait, ez baita dena teorikoa eta ikasleen parte-hartzea oso garrantzitsua dela uste baitute irakasleek. Landutako gaiak beti oso berriak eta interesgarriak iruditzen zaizkit eta mundua beste begi batzuekin ikusten lagundu dit horrek, begi ulertzaile eta kritikoekin.
«Politika, legea eta ekonomia interesatzen zait»
Marion ELIZALDE HOWARD, Zubietako gaztea
Zer ikasi duzu esperientzia honetatik?
Aita eta amaren eguneroko laguntza ez izateak autonomia asko izaten irakatsi dit. Bestalde, mundu osoko jendearekin komunikatzen eta konpontzen ikasi dut. Haien historiak eta bizipenak aditu ditut eta, orain, munduko kultura askori buruz zerbait gehiago dakidala uste dut.
Ondotik zer ikasteko asmoa duzu?
Politika, legea eta ekonomia interesatzen zait, baina oraindik ez dakit seguru. Matematika eta fisika asko gustatzen zaizkit eta ingeniaritza bat egitea ez dut baztertu. Seguruena, gradu bikoitz bat eginen dut, legea, gobernantza globala eta finantzak konbinatzen dituena. Hau Herbehereetan, Ingalaterran, Kanadan edo Espainian egin dezaket. Oraindik ez dut argi. Bestalde, koronabirusak uzten duenean, uda batean, Afrikara joan nahi nuke, bertan hilabetez boluntario lanak egitera eta, orokorrean, behar dutenei laguntzera. Hemengo eskolak kontaktuak ditu gobernuz kanpoko erakunde batzuekin eta nire eskolaren laguntzarekin toki egokia aukeratuko nuke.
Halako esperientzia bat bizitzeko aukera izan eta zalantzan daudenei zer esanen zenieke?
Hasteko, ongi pentsatzeko. Horrelako aldaketa bortitzak barneratzeko gaitasuna izatea oso garrantzitsua da, nahiz eta inoiz ez egon guztiz prestatuta. Honetaz gain, aukera izugarria dela eta esperientzia pila bat izan eta gozatuko dutela jakinarazi nahiko nieke, nahiz eta momentu txarrak ere izan... Nik beti ausartak izatea eta bizitzak ematen dituen aukera guztiak aprobetxatzea aholkatzen dut.