Malerrekako Laxoa Eskolaren ikasturtea asteburuan akitu zen

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 4a, 20:00
Malerrekako Eskolako ikasle eta irakasleak, ikasturteko hondarreko egunean.

Hamabi gaztetxo aritu dira Doneztebe eta Oizko taldetako jokalariekin
Asteburu honetan akitu da Malerrekako Laxoa Eskola. Koronabirusa dela eta, nahi baino beranduago hasi bazen ere, azkenean, lehen aldiz, Laxoa Eskola martxan jarri ahal izan du Laxoa Elkarteak. Klaseak azaroa eta maiatza bitartean izan dira, eta maisu lanetan, Doneztebe eta Oizko laxoa taldetako hainbat jokalari izan dira. 

Ikasle eta irakasleen artean, 2020-21 ikasturtean laxoa eskola aitzinera eramatea lortu dute. Kurtsoan zehar, hamabi bat ikaslek laxoaz gozatu ahal izan dute, eta kirol honi buruzko hainbat sekretu ikasteko aukera izan dute. Kurtsoko azken egunean laxoa partida jokatu eta merienda eder bat egin zuten ospatzeko.
Laxoa Elkartetik adierazi dutenez, «bai guraso bai haurrentzat, hilabete hauetan martxan jarri den ekimen hau, esperientzia polita bilakatu izana espero dugu, eta heldu den urteari begira, berriz ere, laxoa eskola egin ahal izatea. Dudarik gabe, ekimen hau oso garrantzitsua izanen da hurrengo urteetan laxolari berriak ikusi ahal izateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun