Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako finalean izanen da Patxi Mindegia zubietarra

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 31a, 20:00
Patxi Mindegia zutikako enborra mozten igandean Gasteizen. Finalerako txartela eskuratu zuen zubietarrak.

Joxean Etxeberria zigatarrak, aldiz, ez du finalerdietako koska gainditzerik izan Gasteizen

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako hogeita laugarren edizioko finalerdia jokatu zuten maiatzaren 30ean Gasteizen. Sei aizkolari aritu ziren lehian eta horien artean hiruk lortu zuten finalerako txartela: Patxi Mindegia zubietarrak, Oier Kañamares IV.ak eta Hodei Ezpeletak. 

Lehen fasean bi multzotan banatu zituzten aizkolariak, bakoitzak 45 ontzako bat zutik eta bi kanaerdiko etzanda mozteko lanean. Lehen multzoko lehian Patxi Mindegia nagusitu zen, Kañamares V.aren eta Ibai Soroaren aitzinetik. Bigarren multzoan, Ezpeleta izan zen bizkorrena, Kañamares IV.aren eta Joxean Etxeberriaren aitzinetik. Honela, bigarren fasean, aurrez aurre izan zziren Mindegia eta Etxeberria eta zubietarra nagusitu zitzaion zigatarrari. Ezpeletak ere erraz irabazi zion Soroari eta lehiarik estuena Kañamarestarrek izan zuten. Azkenean Oier nagusitu zitzaion Xubani. Beraz, Patxi Mindegia, Kañamares IV.a eta Ezpeleta izanen dira ekainaren 13an Azpeitiko finalean.

Gasteizko finalaurrekoan aritu ziren aizkolari eta harri-jasotzaile guztiak.

 

Harri-jasotzen ere azken kanporaketa

Hiru hamarreko harri-jasotze txapelketako bosgarren eta hondarreko sailkapen-jardunaldian 125na kiloko harri zilindrikoarekin, kubikoarekin eta borobilarekin neurtu zituzten indarrak Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak, Beñat Telleria lasartearrak eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrak. Gasteizko saioan Telleria izan zen onena, denera 57 jasoaldi egin baitzituen, baina bere lehen jardunaldian 24 bakarrik lortu zituenez, finaletik kanpo gelditu zen. Eiza bigarrena izan zen 50 jasoaldirekin eta jasoaldi batengatik lortu zuen finalerako sailkatzea. Urra, berriz, hirugarren izan zen Gasteizen 47 jasoaldirekin eta finalerako sailkapena lortu zuen, Eizarekin eta Urdax Magunazelaiarekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun