Landarte programa martxan paratzeko bildu dira Zubietan

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 27a, 18:00

Proiektua martxan paratu dute eta bitartekariak eta herritarrak hartu-emanean ariko dira hemendik aurrera.

Maiatzaren 25ean, joan den asteartean, Landarte programaren aurkezpena izan zuten Zubietan. Nafarroako Gobernuko Kultura Sailak sustatzen duen proiektua aurkezteko, museoen zerbitzuko Mikel Ozkoidi, kultur ekintza zerbitzuko Lorenzo Garcia eta beste bi bitartekari bertaratu ziren herrira eta zenbait herritarrek parte hartu zuten.

Lehenbiziko bilkura horretan, programaren nondik norakoak azaldu zituzten eta horren bidez arte-kultura garaikidea herri txikietara hurbiltzeko nahiaz aritu ziren. Bide hori, ordea, ez da nolanahikoa. Prozesu bat garatuko dute eta azken ekoizpena, oraindik zer den ez dakitena, adostuko dute. Bitartekariak herritarrekin elkarrizketak izanen dituzte, informazioa bilduko dute, eta horren arabera artista bat aukeratuko dute. Artistaren eta herritarren elkarlana beharrezkoa izanen da proiektua garatzeko, azken batean «herriak berak nahi duen» proiektua garatuko baitute.

Aurkezpen bileraren ondotik, bitartekariak herrian barna ibili ziren eta zenbait herritarrekin solastatzeko aukera izan zuten. Prozesua abiatu dute eta ekainean, berriz ere, bitartekariak etorriko dira, elkarrizketak egiten segitzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun