Aroa Noble Flores

«Anorexia gizarteak eragiten duen gaixotasuna da»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 29a, 10:00
Bere burua den bezala maitatzen «ikasteko prozesuan» dago Aroa Noble.

Hilabete erdian 13 kilo inguru galdu zituen Aroa Noblek. 2017ko uda hartan izandako zorabioak «aski da» esatea eragin zion. Orduko hartaz eta egungo egoeraz aritu da Ttipi-Ttaparekin.

Hiru urte joan dira, baina zauria ez da erabat itxi. Oraindik elikadura trastornoa lantzen segitzen du Aroa Noble Floresek (Ezkurra, 2001). Gaur egun, «ongi» dagoen arren, «jateari uzteko pentsamenduak» izaten ditu tarteka eta «oraindik ez dut neure burua den bezala onartzen». Edozein modutan, arazoaren iturburua ikusteak bidea erraztu dio eta, orain, begiak zabalik dituela, argi du zein den giltza: «anorexia gizarteak eragindako gaixotasuna da, gizarteak argal egotera bideratzen gaitu. Horri aurre eginez, autoestimua landu eta norbere burua maitatzen ikasi behar dugu». 

2017ko udan argaltzeko erabakia hartu zenuen. Zer dela eta hartu zenuen erabaki hori?

Nerabezaroa garai zaila da, normalean jendearekin eta norbera bere buruarekin gaiztoak izan ohi gara. Nire adineko neskekin, ingurukoekin, konparatzen, arropa erostera joatean edozer ongi ez duzulako gaizki sentitzen… hasi nintzen.

Momentu horretan nola sentitzen zinen zeure buruarekin?

Txikitan nahiko potxoloa nengoen. Arazo bat izan nuen, antsietatea eragin zidan eta asko eta gaizki jaten hasi nintzen. Etxetik kanpo isila eta oso lotsatia nintzen eta kanpoan egotea ez zitzaidan gustatzen. Neure burua ere ez nuen ongi ikusten, ez zitzaidan gustatzen ispiluan ikusten nuena. 

Kirola eginez eta elikadura zainduz hasi zinen. Zeure kabuz edo norbaiten laguntzaz?

Bideo batzuk ikusten nituen Youtuben, baina ez zuela deus egiten ikusten nuen. Orduan gutxiago jatea eta ariketa gehiago egitea pentsatu nuen. Horrela, gosaldu, aurreneko platera bazkaldu eta hurrengo egunera arte deus ez jatera ailegatu nintzen. 

Etxekoek nola bizi zuten egoera hori?

Amak askotan esaten zidan tontakeriarik ez egiteko. Nik banekien argaltzen ari nintzela baina ez nik nahi nuen bezainbeste. Gehiago nahi nuen. Hasieran hiru kilo jaitsi nahi nituen, gero beste hiru, beste hiru…  

Obsesio bihurtu zen?

Bai. Etengabe pisatzen nintzen, zerbait jaten nuen aldiro, ariketa egin ondoren… 

Gero eta kirol gehiago egiten hasi zinen. Egunean zenbat egiten zenuen?

Esnatu eta bizikleta estatikoa edo beste ariketaren bat egiten nuen, arratsaldean ibiltzera joaten nintzen, gauean lo egin aurretik abdominalak egiten nituen… egun osoa, goiz, arratsalde eta gauean.

Zenbat kilo galdu zenituen eta zenbat denboran?

Hilabete erdi batean 13 bat kilo. Nik banekien argaltzen ari nintzela baina ez nuen hainbesterako zenik uste.

«Ura edateak ere lodituko zidala pentsatzen nuen»

Aroa NOBLE FLORES, Ezkurrako gaztea

Noiz ohartu zinen arazo bat zenuela?

Egun batean zorabiatu egin nintzen eta konorterik gabe gelditu nintzen. Begiak ireki nituenean, ama hanketatik heltzen eta ahizpa ondoan negarrez ikusi nuen. Orduan kezkatu nintzen eta akaso gehiegi zela pentsatu nuen… Nik banekien gaizki ari nintzela, barrenean zerbaitek esaten zidan ezin nuela horrela segitu. Hala ere, ez nuen medikura joan nahi, gaizki ari nintzela eta ezin nuela gehiago argaldu esanen zidalako beldur nintzen. 

Hala ere, ez zenuen beste erremediorik izan... 

Etxekoek medikuarenera eraman ninduten. Medikuari zorabiatu egin nintzela esan nion eta amak egia osoa kontatzeko esan zidan, zer egin nuen eta zenbat kilo galdu nituen... Hilabete erdian galtzeko asko- asko dela eta nire medikuarekin hitzordua hartu behar nuela esan zidan. 

Nola bideratu zuen kasua medikuak?

Amari test bat pasatu zion, ikusten zituen jarrerei buruzkoa. Gero, nirekin egon zen, zer jaten nuen, etab. galdetu zidan. Pisatu eta neurtu egin ninduen eta psikologoarekin eta psikiatrarekin hasi nintzen, anorexia hasikinak nituen.

Nola hartu zenuen diagnostikoa? 

Kontsultaren aurretik amarekin eztabaida izan nuen eta haserre nengoen. Anorexiaren hasieran nengoela esan zidanean negarrez hasi nintzen, eta ‘hauxe falta nuen’ pentsatu nuen. Susmoa banuen arren, orduan egiazki larria zela ikusi nuen. Zorabiatu ez banintz orain akaso ez nintzateke hemen egonen. 

Zer segimendu egin dizute?   

Hilabetero psikiatrarengana eta erizainarengana joan behar izan dut. Erizainak pisatu eta neurtu egiten ninduen eta nik ezin izaten nuen pisurik ikusi. 

Zertan lagundu dizute? 

Neure buruarekin hobeki egoten lagundu didate. Erizainarekin asko hitz egiten nuen. Berak ere psikologo lana egin zuen. Psikiatrarekin izaten nituen bisitetatik ere oso gustura ateratzen nintzen neure burua baloratzen lagundu didate. Taldeko terapia ere egin nuen, elikadura trastornoak dituzten jendearekin batera, janariari buruzko solasaldietara joan nintzen eta horiek ere lagungarriak izan ziren. 

Medikamenturik hartu behar izan duzu? 

Antsietatea nuela esan nion momentuan horretarako antidepresiboen familiako botika batzuk zeudela esan zidan. Nik horiek loditu egiten zutela aditua nuenez ez nuen hartu nahi, beldur hori nuen. Orduan, horren ordez homeopatia hartzeko aukera eman zidan eta halaxe hasi nintzen. Zerbait egiten zidala uste nuen baina neure burua engainatzen ari nintzen… Momentu batean gehiago ezin nuela ohartu nintzen, antsietatea gain hartzen ari zitzaidan. Orduan medikamentua hartzea erabaki nuen eta egia esan antsietate aldetik asko-asko lagundu dit. 

Familia giroan ere eragina izanen zuen... 

Amarekin bereziki asko eztabaidatu dut eta gaizki pasatu du. Otorduetan janariagatik eta kantitateagatik eztabaidatzen genuen, beti haserre nengoen. Pisu galera horrek autoestimua jaistea eta  haserregarriago egotea ere eragin zidan. Bizitza aldatu zitzaidan, denak molestatzen zidan... 

Jaten zenuen hori botatzera ailegatu zinen? 

Botaka egitea asko kostatzen zaidan pertsona izan naiz beti, beldurra ematen dit. Saiatu faltan ez nintzen gelditu, baina ez nuen lortzen.  

«Lagunekin egotean baino gehiago zentratu naiz janarian»

Aroa NOBLE FLORES, Ezkurrako gaztea

Eta sozialki, zertan eragin dizu? 

Bakarrik egon nahi nuen, neure buruarekin bakarrik. Jendearekin egotea kosta egiten zitzaidan. Nire lagunak edozer jaten ikusten nituen eta niri beldurra ematen zidan jateak. Egun-pasa joateak kanpoan bazkaltzea zekarren eta kaloria asko zituen zerbait jan behar nuen. Nire kezka nagusia hori zen, lagunekin egotean baino gehiago zentratzen nintzen janarian, etxera bueltan jan nuen guztian pentsatzen nuen, ea nahiko denbora izanen nuen ariketa fisikoa egiteko eta jandako guztia erretzeko… Pentsa, ura edatean hori ere erre beharko nuela pentsatzen nuen, horrek ere lodituko zidalakoan...

Zenbat denboraz egon zara psikologoarekin eta psikiatrarekin gaia lantzen? 

2017an hasi nintzen eta oraindik joaten naiz. Psikologoarengana hilabetero joaten naiz eta ongi ikusten banau bi hilabetean behin. Psikiatrarengana, berriz, bizpahiru hilabetero, medikazioa nola dagoen kontrolatu behar izaten dit.

Gaur egun zer moduz zaude? 

Ongi nago baina izaten ditut jateari uzteko pentsamenduak. Bereziki gaizki nagoen momentuetan pentsatzen dut, jateari uztea konponbidea delakoan edo… Saiatzen naiz pentsamendu horiek burutik kentzen baina ezin dut. Pentsamendu hau ez zaidala joanen uste dut.

Zeure burua den bezala maitatzen ikasi duzu? 

Prozesu horretan nago. Neure burua askoz gehiago maitatzen eta baloratzen dut baina asko dut egiteko, gauza asko ez ditut onartzen, ez zaizkit gustatzen.  

Zertan aldatu da etxeko giroa azken hiru urteotan? 

Otorduetan ez dugu janariagatik eztabaidatzen, edozer jaten dut. Egunen batean izan dut eztabaidaren bat baina haserretu arren, orain dagoena jaten dut. Eztabaidak normalagoak dira.

Eta etxetik kanpo? 

Lehen ez nuen etxetik atera nahi, orain ahal dudan guztietan lagunekin egoten naiz. Batzuetan ‘ez nuke hau jan behar’ pentsatu arren, pentsamendu horrek ez du lehen zuen pisua.

Gizarteak zer eragin du horrelako gaixotasunetan? 

Gizarte honek eragiten duen gaixotasuna da, gizarteak argal egotera bideratzen gaitu. Bereziki neskoi eragiten digun arren, mutilek ere pairatzen dute gaixotasun hau eta datuetan gero eta gehiago direla ikusten da. Oraindik, hala ere, gehiengoa neskak gara. Mutilen aldetik presioa indartsu egotera bideratua izan ohi da, nesken kasuan, berriz, argal egotera. Gakoa norberak bere burua maitatzea da baina gizarteak ez du hori egiten uzten.

Zer esanen zenieke egoera horretan daudenei? 

Maite duen jendeak esaten diona ikusteko eta autoestimua lantzeko. 

Eta ingurukoei? 

Jatera ez behartzeko, alferrik da eta. Behartuz gero, botatzen saiatuko da edo bere buruarekin okerrago sentiaraztea eraginen dio. Lagundu beharrean kaltetu eginen du. Egoera hau bizi izan gabe laguntzen jakitea ez da erraza, baina ulertzen saiatzeko babesa emateko esanen nieke, jaten ez badu ere ondoan egoteko, animatzeko… 

Besterik gehitu nahi duzu? 

Lagundu didaten guztiei eskerrak eman nahiko nizkieke, nire ondoan egon direnei eta daudenei, entzuten didatenei, bereziki etxekoei eta gertuko lagunei. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun