'Bideak' dokumentalaren emanaldia Donamarian

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 28a, 07:00

Maiatzaren 1ean Aritz Ganboa de Miguel artzaina protagonista duen dokumentala proiektatuko dute Jauregian 18:00etan.

Xabier Unanua Goikoetxeak zuzendua eta Aritz Ganboa de Miguelek idatzia, artzainak egindako erronka du ardatz dokumentalak, Arruazutik Izabara egindako 170km inguruko ibilbidea. Eskualdean Leitza eta Doneztebetik ibili ondoren, donamariarrek ikusten ahalko dute larunbat honetan dokumentala. Hurrengo egunean, Amaiurren izanen da proiekzioa 17:00etan.

Sinopsia

Aritz Ganboa de Miguel dut izena. Nafarroako bi herrietan,  Arruazu Sakanan (Aitaren partetik) eta Izaba Erronkarin (Amaren partetik)  jatorria duen Arruazuko artzain bat naiz. Natura eta landa eremua izan dira beti nire pasio nagusiak eta pasio hauek nire ogibide eta bizimodu bihurtu dira artzaintzaren bidez. Lan hau ederki uztartzen da nire afizioetariko batekin: Mendi lasterketak. Artzaintzak mendiari zein naturari lotzen nau, horrela egiten dute bat nire bi pasioek, kirola eta natura!

Istorio bat kontatzera natorkizue. Nirea ez den baino bere parte naizen, garen istorioa. Idatzirik, idazten eta idazteko dagoen istorioa!

Istorio honek erronka batera eraman nau. Bakarrik egiterik izango ez dudan erronka batera. Inguratzen gaituen giza ondarea zein kultur, ingurune, paisai, ekonomi, histori, gastronomi… ondarearen balioa ezinbestekoak izango dira. Neurri berean,  erronkak, hauexek balioan jartzeko asmoa izango du, finean, izan zirelako garela eta garelako izango direla aditzera emateko!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun