Donamariako Kultur Egunak hasiko dira larunbatean

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 22a, 11:00

Apirilaren 24an hasita, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte hurrengo egunetarako.

Sugarren mende liburuaren aurkezpena izanen da lehenbiziko ekitaldia, apirilaren 24an Jauregian 18:00etan. Asisko Urmenetak eta Helena Xuriok elkarlanean sortutako liburua aurkezpen ilustratu batean ezagutaraziko dute, eta sorgin ehizaren inguruan arituko dira.

Maiatzaren 1ean Xabier Unanua Goikoetxeak zuzendu eta Aritz Ganboa de Miguelek idatzitako Bideak dokumentalaren emanaldia eginen dute, Jauregian 18:00etan. Aritz Ganboa artzainak egindako erronka erakusten du filmak, Arruazutik Izabaraino gasna batekin egin zuen 170km inguruko ibilbidea.

Hurrengo astean Dani Martirena idazleak bere azken lana aurkeztuko du, Amonarenean kea album ilustratua. Maiatzaren 8an Erabilera Anitzeko Aretoan 17:00etan izanen da hitzordua.

Maiatzaren 9an, igandea, herri-kirol desafioa izanen da herritar batzuen artean, 11:30ean plazan.

Maiatzaren 16an 09:00etan herriko plazatik abiatuta, hiru orduko mendi martxa eginen dute herriko parajeetan barrena. Ondotik bermuta izanen dute eta 18:30ean Hodei Magoaren emanaldia frontoian.

Maiatzaren 22an Karnalita kosmikoak ikuskizuna eskainiko dute 19:00etan herriko plazan. 'Zirkua ezagutzen' lehenik eta 'Ez dut hegalik behar hegan egiteko', ondotik.

Maiatzaren 23an herri kirolak izanen dira 16:00etan herriko plazan, Migeltxo Saralegiren eskutik.

Akitzeko, maiatzaren 29an, Txomin &Txistuman Deskontzertuan emanaldia 18:00etan herriko plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun