Mendaur institutuko ikasleak nagusitu dira Ezkabako ihesaldiko scape roomean

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 15a, 14:00

Nafarroako zortzi ikastetxek hartu zuten parte apirilaren 14ko ekitaldian eta jolasteaz gain, Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu zuzenean aditzeko aukera ere izan zuten 80 ikaslek

Nafarroako zortzi ikastetxetan DBHko laugarren maila eta Batxilergoko lehen maila ikasten duten 80 ikasle bildu ziren apirilaren 14an Iruñeko Ezkaba mendian, scape room joko baten bidez historia klasetan hartutako ezagutzak praktikan jartzeko helburuarekin, Nafarroako Memoriaren Institutuaren babesarekin. Tartean zeuden Doneztebeko Mendaur institutukoak ere eta beraiek suertatu ziren garaile jokoan.

1938ko maiatzean, Ezkabako presondegitik ihes egin zuten 795 presok, ordu batzuez bederen. Gehienak harrapatu egin zituzten, bertze batzuk hil eta bakarren batzuk lortu zuten helburua, muga pasatu eta Iparraldera ailegatzea. Ihesaldi hura irudikatzeko, gisa guztietako jokoak egin zituzten ikasleek asteazkenean: usaimena edo ukimena lantzekoak, rapel egitekoak, orientaziokoak… Helburua, joko horiek gaindituz, Ezkabatik Urepelera ihes egitea zen eta, erran bezala, Mendaurkoak izan ziren hori lortzen bizkorrenak.

Gainera, jolasteaz gain, ikasleek beraien idolo bat zuzenean aditzeko aukera izan zuten, Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu aritu baitzen kantari. Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Hiritarren Harremanetarako kontseilaria ere ekitaldian izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun