Malerreka-Agoitz erremonte txapelketa abiatuko da maiatzaren 11n

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 13a, 17:00
Partida batzuk Donezteben eta bertzeak Agoitzen jokatuko dituzte.

Malerreka-Agoitz binakako erremonte txapelketa maiatzaren 11n hasiko da. Hasiera batean sei bikote aritzekoak ziren, gehienak Errekakoak, baina erremontista batek min hartu duela eta bikoteak berrantolatu behar izan dituzte eta bortz izanen dira, Nafarroan indar gehien duten bi erremonte eskolen ordezkari.

Honela, Errekako Martixpe (Imanol de Rueda Goñi), Agoizko Aimar Itoiz eta Mikel Segurarekin ariko da txandaka; Errekako Iñigo Belarra Oteizak eta Markel Leatxe Portillok; Errekako Erik Garcia Otxandorenak eta Eneko Maylin Ezkurrak, Errekako Julen Pikabea Oiartzabalek eta David Mitxeo Zozaiak; eta Agoizko Adei Osesek eta Errekako Asier Baztan Arrarasek osatuko dituzte gainerako bikoteak.

 

Puntuazio sistema

Txapelketako puntuazio sistema hurrengoa izanen da:

Partidako irabazleek, 35 tanto: 4 puntu. Galtzaile izanda ere, 32-34 tanto lortzen dutenek 2 puntu; 30-31 tanto lortzen dutenek puntu 1; eta 30 tantotik beheiti punturik ez.

Bigarren fasera lehendabiziko lau bikoteak sailkatuko dira eta azkena kanporatua izanen da. Bi bikotek puntu berdinekin akitzen badute, elkarren aurka jokatutako partidak hartuko dira kontutan. Hiru bikotek edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute elkarren aurka jokatutako partidetako tanteoa hartuko da kontutan. Finalerdiak bi partidetara izanen dira, partida bat Donezteben eta bertzea Agoitzen jokatuko dute, maiatzaren 13 eta 15ean. Finalaren data aitzinerago zehaztuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun