Uterga eta Barricartek irabazi dute Iruñerriko erremonte profesionaleko lehen txapela

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 12a, 09:00

Apirilaren 9ko final ikusgarriak 35-31 irabazi zieten Ezkurra II.a eta Saldiasi

Xanti Uterga doneztebarrak eta Barricartek irabazi dute Iruñerriko erremonte profesionaleko lehen txapelketa, apirilaren 9an Labriten jokatutako final ikusgarrian Josetxo Ezkurra doneztebarrari eta Aimar Saldias oiztarrari 35-31 irabazi ondotik.

Partida bikaina izan zen, 49 minututan 383 pilotakada eman zituzten. Xanti Utergak egin zuen aldea, 25 tanto egin baitzuen, baina lau erremontistek ikuskizun handia eman zuten. Gibelean, Aimar Saldias oiztarrak txapelketa osoan emandako maila eman zuen eta eskuinkada indartsuenak eman zituen. Barricart hotz hasi zen, baina azkenerako partida ederra egin zuen. Beraz, gibelean ongi aritu ziren gazteak, baina aitzinean ere, Doneztebeko bi beteranoak ederki ibili ziren, erasoan etengabe, jokaldi ugari eginez eta aunitz asmatuz. Ezkurra II.ak ere 18 tanto egin zituen.

Gorriak 4-0 eta 6-2 aitzinetik jarri ziren, baina hamabina berdintzea lortu zuten urdinek. Gero, berdinketak etengabeak izan ziren, hogeita banakora bitarte. Berriz ere Uterga eta Barricart aitzinetik jarri ziren, baina 24-24 eta 26-26 berdindu zuten. Hauxe izan zen finaleko azken berdinketa. Gorrien hogeita zazpigarrena izan zen finaleko tantoa, 28 pilotakada zein baino zen biziago eta ikusgarriagoen ondotik Utergak egin zuena. Labrit pilotalekuan zeuden 285 ikusleak zutik jarri zituzten lau pilotariek. 30-26, 30-28, 34-28 eta 34-31koaren ondotik, azken tantoa eta txapela gorriek lortu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun