Doneztebeko Intzakardi parkean egin duten discgolf zelaiaren inaugurazioa egin dute apirilaren 8an, ortzegun goizean. Ekitaldian izan dira Leire Ortuoste alkatea, aitzineko sei urtetan alkate izandako Xanti Uterga, egitasmoaren bultzatzaile nagusia izan den Mikel Ibarrola doneztebarra eta Baxi Basajaun taldean taldekide duen Iñaki Gonzalez, bertze zenbait zinegotzi eta herritarrekin batera. Gaztetxoengan ere zirrara sortu du inaugurazioak, aunitzek frisbeearekin proba egin nahi baitzuten.
Instalazio berriaren nondik norakoen berri eman du Xanti Utergak. 3.500 euroko inbertsioa eragin du. Horren %65a Malerrekako Mankomunitateak ordaindu du, Agenda 21aren funtsen bitartez eta gainerako %35ª Doneztebeko Udalak. Diseinu lanak CRK DiscGolf enpresako Carlos Ríok egin du. Baxi Basajaun taldeko Mikel Ibarrolak discgolfaren ezaugarri batzuen berri eman du eta Leire Ortuoste alkatearekin batera, “ohorezko” lehen jaurtiketa egi du. Ibarrolak aipatutakoaren arabera, «Nafarroako lehen discgolf zelai publikoa da Doneztebekoa» eta hiru saski izanen ditu, par 3koak. Ibarrolari gustatuko litzaioke Doneztebeko Erreka elkarteak discgolf atala sortzea, kirola sustatzeko. Nafarroako bertze zelaia Igantzin dago Irrisarrin, 18 saskikoa, eta hura bezala, homologatua da Doneztebekoa ere.
Ibarrola eta Gonzalezen artean, discgolfean aritzeko lehen aholkuak eman dizkiete gero herriko gaztetxoei. Galbaraialde erreka parkearen ondoan dagoenez, lehenbiziko jaurtiketetan kontuz ibiltzeko izan da lehenbizikoa, baita parke publikoa dela eta jende aunitz ibiltzen dela kontuan hartuz, segurtasunez jarduteko ere. Gaztetxoen artean frisbeen zozketa ere egin dute azkenena.
Euskal Herriko lehen discgolf txapelketa Irrisarrin ekainaren 26an eta 27an
Irrisarrikoari dagokionez, iaz Espainiako txapelketa bertan jokatu zen eta aurten, lehen aldiz, Euskal Herriko txapelketa ere bertan jokatuko dute, ekainaren 26an eta 27an. Irailean Espainiako kopako torneo bat ere antolatu nahi lukete eta abenduan Nafarroako bigarren txapelketa.