Leurtzako urtegiko denboraldi berria hasi da dagoeneko

Jaione Ariztegi 2021ko mar. 31a, 14:00

Ordaindu beharreko diru-saria hiru eurokoa izanen da aurten ere eta iazko segurtasun neurriak mantenduko dituzte

Joan den urtean atzerapenarekin hasi bazen ere, aurten Leurtza urtegiko denboraldia urteroko tenorean (San Jose aitzinetik) hasi dute. Martxoaren 15ean abiatu zen eta, aitzineko urteetan bezala, hiru langile ari dira lanean: Urrozko bi eta Beintza-Labaiengo bat. Azken hori Aste Santuan eta udan ere ariko da. 

Aparkaleku berria

Aurtengo neguan, aparkaleku berria egin dute, eta horrekin, iazko edukiera handitzea aurreikusi dute (hala ere, oraindik ez dakite zehatz- mehatz zenbat auto sartu ahal izanen diren). Horrekin batera, aipatzekoa da, segurtasun kontuengatik, hemendik aitzinera ezinen dela errepide bazterrean aparkatu, erabat debekaturik egonen da.

Ordaindu beharreko dirusaria, orain arte bezala, auto bakoitzeko hiru eurokoa izanen da eta Covid-19aren aurkako neurriak iazko berberak izanen dira (komunak desinfektatuko dira, mahaiak erreserbatu behar izanen dira, paseatzeko noranzko bakarreko ibilbide zirkularra izanen da, etab.).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun