'Bideak' dokumentala aurkeztuko dute apirilaren 3an Donezteben

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 1a, 07:00

Xabier Unanua Goikoetxeak zuzendutako eta Aritz Ganboa de Miguelek idatzitako dokumentala Donezteben aurkeztuko dute larunbat honetan zineman.

Aritz Ganboa artzainak egindako erronka du ardatz dokumentalak, Arruazutik Izabaraino egindako 170km inguruko ibilbidea, 6 zatitan banandua. Euskal Herriko leku desberdinetan aurkezten ari dira dokumentala, herriz-herri. Doneztebe ez da dokumentalaren emanaldia izanen duen eskualdeko herri bakarra. Maiatzaren 1an Donamarian aurkeztuko dute 18:00etan eta 2an Amaiurren, 17:00etan.

Sinopsia

Artzain baten jatorritik abiatzen da “Bideak” dokumentala. Gazta bat soinean, nafar mendietan barrena korrika erronka batean murgiltzen da Aritz Ganboa artzaina bere arbasoen herriak lotzeko: Sakanako Arruazu eta Erronkariko Izaba. Artzaintza ardatz hartuta, ibilbide horretan zehar hamaika ahots eta lekukotza jasotzen dira, guztiek helburu bera dutelarik: landa eremua eta kultura balioan jartzea eta landa eremu bizi bat aldarrikatzea, hiriaren eta landa eremuaren arteko zubiak eraikiz. Artzain baten hasierako ideia xume batetik sortutako proiektuaren fruitua da honako dokumental hau.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun