Aldabe-Azpiroz eta Uterga-Barricart ere Iruñerriko erremonte profesionaleko final erdietan izanen dira

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 29a, 14:00

Apirilaren 3an jokatuko dute Olatzen, Ezkurra II.a eta Saldiasekin batera

Iruñerriko Erremonte Profesionaleko txapelketa Caixabank Sari Nagusiko final laurdenetako azken bi partidak jokatu zituzten larunbat arratsaldean Atarrabian eta igande eguerdian Uharten. Aldabe eta Azpiroz, alde batetik eta Uterga eta Barricart, bertzetik, suertatu ziren garaile, eta Josetxo Ezkurra eta Aimar Saldiasekin batera jokatuko dituzte finalerdiak apirilaren 3an Olatzen.

Atarrabiako Lorenzo Goikoa pilotalekuan larunbatean jokatutako txapelketako partidan, Aldabek eta Azpirozek 35-23 irabazi zieten Zeberio II.ari eta Otanori. Jaialdia hasteko, Aimar Jabalera doneztebarrak eta Aimar Saldias oiztarrak 35-26 irabazi zieten Erbururi eta Barricarti.

Biharamunean, igande eguerdian Uharteko Toki Alai pilotalekuan, txapelketari dagokionean, Xanti Uterga doneztebarrak eta Barricartek 35-25 irabazi zieten Eloy Otxandorena doneztebarrari eta Ioni. Lehen partidan, Jabalera eta Azpirozek 35-32 irabazi zieten Matxin III.ari eta Otanori

Finalerdiak apirilaren 3an Olatzen eta finala apirilaren 9an Labriten

Gauzak honela, Josetxo Ezkurra eta Aimar Saldiasekin batera finalerdietan ariko dira apirilaren 3an Olatzen Aldabe eta Azpiroz, eta Uterga eta Barricart. Larunbatean 18:00etan hasiko da jaialdia eta bi onenek apirilaren 9an Labriten jokatuko dute finala (18:30).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun