Udaletxearen atzealdean desfibriladorea jarri dute Saldiasen

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 28a, 14:00
Udaletxearen atzeko aldean, frontoiaren ondoan jarri dute desfibriladorea Saldiasen.

Saldiasko udalak desfibriladorea jarri du herrian. Udaletxearen atzeko aldean kokatu dute (frontoiaren ondoan hain zuzen). Horrela, bihotzeko larrialdi baten aurrean, erantzuna bat-batekoa izateko aukera eman nahi izan du. Jarri aurretik, herritarrei ikastaroa egiteko deialdia egin zien eta ikastaro horretara joan ez ziren beste hainbat herritarrek ere, lehenagotik, ikastaroa burutua dute.

Frontoiko argien funtzionamenduan aldaketa

Leitzako enpresa bat kontratatuta, herri argiteria ere berritu dute Saldiasen, LED sistemako argiak jarriz. Honela, argiaren kostua murrizteaz gain, argi kutsadura ere murriztu da. Argiteri sistema honek egiten duen argia osorik aprobetxatzen da herrian. Argiaren kalitatea eta kantitatea hobetu dira.

Horrez gain, frontoiko argiaren funtzionamenduan aldaketak gertatu dira. Orain, frontoiaren barruan dagoen botoi gorria sakatuz, hiru argi dohainik izanen dira bertan dabilenarentzat. Gainerako argiak piztu ahal izateko euro bateko txanpona sartu beharko da bertan dagoen kutxan. Kutxa batekin geratzen diren argien erdiak piztuko dira eta beste kutxan beste txanpona sartuta, gainerakoak. Hauek 30 minutuko iraupena izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun