Ander Fuentes zubietarrak irabazi du Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketaren lehen edizioa

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 23a, 13:00
Ander Fuentes 'Itturri' bertsolari zubietarra, 2017ko Nafarroako bertsolari txapelketan.

Bertsularien Lagunak elkarteak lehen aldiz antolatutako Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketa irabazi du Ander Fuentes Mujika Itturri bertsolari zubietarrak, ‘Gorostiari’ bertso-sortarekin. 300 euro, Bertsolari Txapelketa Nagusirako sarrera, ‘Bertso eta kantak’ liburua eta trikota berdingabea izanen ditu saritzat.

Gazte mailan, Nahia Etxeberri Lopeperen ‘Munduko injustiziak’ bertsoak saritu dituzte.

Helduen mailan, bigarren saria Elixabet Etxandiren ’15 urtez’ bertso-sortarentzat izan da eta hirugarrena Urko Egaña Calderonen ‘Ni ere gaixotu nintzen’ lanaretzat. Bi aipamen berezi ere egin ditu epaimahaiak, Moises Enbeitaren ‘Eskutik eskura’ eta Mizel Mateoren ‘Bakardadearen itzala’ bertsopaperentzat.

Gazte mailan, bigarren saria Leina Alkhat Larrandaburuk eskuratu du ‘Euskal Herriko ihauteak’ bertso-sortarekin eta hirugarrena Kemen Bidegain Bergarak ‘Ni artzaina’ lanarekin.

Sari banaketa bertso bazkari/afari batekin egitea da Bertsularien Lagunak elkartearen asmoa eta «uda jin aitzin ezinezkoa balitz, beste molde bat atzemanen genuke», jakinarazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun