Josetxo Ezkurrak eta Aimar Saldiasek Iruñerriko erremonte txapelketaren finalerdietarako txartela lortu dute

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 22a, 19:00

Ezkurra II.a eta Saldias (urdinez) eta Matxin III.a eta Garcés, larunbatean Antsoainen.

35-32 irabazi zieten larunbatean Antsoainen Matxin III.a eta Garcési

Erremonte Profesionaleko Txapelketa-2021ko Caixabank  Sari nagusiko lehen partida jokatu zuten larunbatean Antsoainen Josetxo Ezkurra doneztebarrak eta Aimar Saldias oiztarrak, Matxin III. eta Garcesen kontra. Malerrekako bikotea nagusitu zen, 35-33 eta finalerdietarako lehen txartela eskuratu zuen.

Beti aitzinetik izan ziren Ezkurra II.a eta Saldias (0-4, 1-9, 11-17, 19-27) baina bi tantora (25-27) eta bakaeera ere (32-33) hurbildu ziren Matxin III.a eta Garcés. Baina sakez falta egin zuen Garcések eta azken tantoa ere urdinek egin zuten.

Martxoaren 27an, Atarrabian, Zeberio II.a eta Otano, Aldabe eta Azpirozen kontra ariko dira eta martxoaren 28an, Uharten, Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Otxandorena doneztebarraren eta Ionen kontra.

Hiru partida hauek irabazten dituzten bikoteek hiruko finalerdia jokatuko dute apirilaren 3an Olatzen eta bi onenak apìrilaren 9an Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko den finalean izanen dira. Jaialdi guztietan 5 euroko sarrera kobratuko da, oso-osorik Adano elkartera bideratuko dena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun