Bere aurka sare sozialetan egindako «eraso pertsonala» salatuko du Sunbillako alkateordeak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 17a, 13:00
Pako Errandonea, alkate izan zen garaiko argazkian.

Ttipi-Ttapa aldizkariaren itxurako portada erabiliz bere argazkiarekin fotomontajea egin dutela azaldu du Paco Errandoneak

«Gaur ez bada bihar, Guardia Zibilaren delitu informatiko eta telematikoen kontrako taldean salaketa jarriko dugu». Hala mintzatu zaigu gaur Paco Errandonea, Sunbillako alkateordea. Azken egunetan, sare sozialetan bili-bolo hedatu da argazki bat, Ttipi-Ttapa aldizkariaren itxurako portada bat erabiliz, Errandonearen irudiak eta asmatutako esaldiak agertzen dituena.

Errandoneak aipatu digunez, «nik ez ditut bi egun hemen, 22 urte baditut Sunbillako Herriko Etxean lanean, lau urtez alkate izan nintzen, eta, jakina, beti ez dira denen gustuko erabakiak hartzen. Horren kritika egitea ulergarria da, baina horrelako eraso pertsonal bat egitea neurriz kanpokoa da». Karrikako obraren inguruan edo plaza eta frontoia itxita mantentzearen alde Sunbillako Udalak aho batez hartutako erabakiarekin lotutako ustezko esaldiak Paco Errandonearen ahotan jartzen ditu irudiak, «nire izen-abizenak eta argazkiak erabiliz, baina ez dakigu nor dagoen horren gibelean».

Ez da erran beharrik, baina Ttipi-Ttapa aldizkariak ere argi utzi nahi du ez duela baimenik eman bere portadak gisa horretara, herritarrek aukeratutako hautetsi baten kontra egiteko. «Azken 40 urteetako aldizkari guztiak PDF formatuan ikusgai daude ERRAN.EUS webgunean eta horiek libreki deskargatu eta irakur daitezke. Baina aukera horri halako erabilera desegokia ematea ez dugu begi onez ikusten».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun