Ezkurrako 146 bizilagunei zerbitzua emateko araztegia jarriko dute datorren urtean

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 13a, 18:51

415.000 euroko kostua izanen du, eta ez da ur zikin gehiagorik isuriko Aztugo errekara

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuak, Nafarroako uren saneamenduaren arduradun den NILSA sozietate publikoaren bidez, araztegi bat jarriko die Ezkurrako 146 biztanleei. Proiektuak 415.000 euroko kostua izanen du eta 2022an gauzatuko da, ur zikinak Aztugo errekara isurtzea saihestuko da.

NILSAko talde teknikoak eta Ezkurrako Udaleko ordezkariek, Miren Jaione Zabalo alkatea buru dutela, Beintza-Labaiengo araztegia bisitatu dute larunbat honetan. Instalazio hori Ezkurrak datorren urtetik izango duenaren antzekoa da.

Bisitaldian, herri txiki horietarako proiektatzen den araztegi-eredua azaldu da, sistema sendoa behar baitute, mantentze-lan gutxi eskatzen duena, eta, ahal den neurrian, energia elektrikorik gabe funtzionatzen duena.

Gaur egun, Nafarroako herri txikietako edo leku sakabanatuetako 11.000 biztanle inguruk, hala nola baserriak edo eremu isolatuagoak, hobi septikoak besterik ez dituzte hondakinak arazteko. Nafarroako Gobernuak, NILSAren bidez, herrigune horiek saneamendu-proiektu osoagoak izan ditzaten lan egiten du. Toki horietan prozesuak aurrera egitea motela da, inbertsio handiak egin behar direlako eta proiektu bakoitza inguruko ezaugarri orografikoetara egokitu behar delako.

Ezkurrako araztegiaren xehetasunak

Ezkurrako etorkizuneko araztegiaren kasuan, zenbait kokaleku aztertu dira. Lurraren malda handiak eta zailtasun orografiko orokorrak aukera posible guztiak kontuan hartzera eraman dute, distantzia, sarbidea, kostu ekonomikoa, segurtasun arriskuak (lurren lerradura batez ere) eta paisaia eta ingurumen ukipenak ebaluatuz.

Lau kokaleku proiektatu dira estaziorako: bata, Azkukuko errekan gaur egun dagoen isurketagunearen ondoan; bestea, 86 metrora; hirugarrena, urrunago, 217 metrora, eta landarez babestuta; eta, laugarrena, errekaren ezkerraldera isuri beharko lukeena. Azkenik, hirugarren aukera hautatu da, paisaian hobeki integratzen delako, hirigunearekiko distantzia handiagoa delako eta sarbide erraza duelako, %13ko maldarekin.

Proiektuaren arabera, 1997an berritu ziren udal sareak euri eta ur beltzetarako hodi bereiziekin kolektore batera lotuko dira, emaria etorkizuneko instalaziora eramateko. Eremuko topografiak aukera ematen duenez, bakterio-ohantzearen araztegi bat jarriko da ura balantzin baten bidez banatzeko, eta ez da instalazio elektrikorik beharko ura estaziora bultzatzeko.

Gainera, atxikitze bukaerako hezegune bat jarriko da, segurtasun elementu gisa jardungo duena. Azkenik, ura errekara itzuliko da araztutakoan. Aurreikusitako inbertsioa 415.622 eurokoa da (BEZ kanpo), eta NILSAk uraren ordainagiriaren bidez kudeatzen duen saneamendu kanonarekin ordainduko da.

Instalazioak ez du elementu elektromekanikorik, beraz, energia gutxi kontsumitzen du eta matxurak gertatzeko aukera asko murrizten da. Sozietate publikoko langileek gainbegiratuko dute egoera ona, eta haiek arduratuko dira mantentze-lanez, metatutako lohi- eta flotatzaile-mailak zuzenak direla egiaztatzeaz eta ohiko funtzionamenduaz kanpoko isurketarik ez dela egin egiaztatzeaz. Gainera, sei hilean behin uraren laginak hartuko dira, uraren kalitatea egiaztatzeko eta dagokion isurketa-baimena betetzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun