M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2021

«Sistema patriarkalean bizi gara eta berdintasuna lortzeko gizartean aldaketak beharrezkoak dira»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 14a, 10:00

Itziar MIELGO REY, Beintza-Labaien

«Eragin handia» izan du pandemiak Itziar Mielgo Reyren (Beintza-Labaien, 1976) egunerokoan. Lanbidez artisaua eta Bertizko Natur Parkeko artisau dendako arduraduna da eta alde batetik, «denda ekain erdira arte ezin izan nuela ireki» aipatu du, bestetik, irekita ere, «nire bezeroen gehiengoa turistak direnez, pentsa! Ez dago mugimendurik, ez talderik… Gainera, Bertizko basoak itxita segitzen du, Nafarroako mugak ere itxita… Astegunez ez da inor ibiltzen… Orain denda asteburuetan bakarrik irekitzen dut…».

Hala ere, «artisau lanak egiten» segitu du, eta horrekin batera «Euskal Herrian barna nire lanak saltzeko denda bila» ari dela aitortu du: «baina zaila da, halako komertzioak, nire denda bezala, erdi itxita daude, bezerorik gabe…». Eta gisa horretara «gastuak antzekoak dira baina ez dago sarrerarik». 

Baina «egoera latzetan ere alde positiboa beti ateratzen» delakoan dago. «Egoera aldatzea ez dago nire esku» eta hala, «baserriko bizitzaz berriz gozatzeko» bide eman dio pandemiak, baita «baratzean buru-belarri aritzeko aukera, toki pribilegiatuan bizi garela ikasteko aukera…».

Pandemiarekin emakumeen lan egoera «larritua»

Bere hitzetan, «pandemiak gizonezkoei eta emakumezkooi ez digu berdin eragin». Honela azaldu du: «badakit pandemia baino lehen emakumeon egoera laborala ez zela justua, baina pandemiarekin larritu egin da. Zonaldeko emakume askok zerbitzuetan lan egiten dute: ostalaritzan, zaintzan… Lanbide horiek pandemian gehien kaltetu direnak izan dira».

«Esparru sozialean, ez laboralean bakarrik, bakoitzak nahi duena egiteko aukera izan behar du, eskubideak eta errespetua bermatuak izan behar ditu»

Itziar MIELGO REY

Hortik harago berdintasunaren aldeko aldarria egin du Beintza-Labaiengo artisauak. «Sistema patriarkalean bizi gara», baina bere irudiko, «sistema ez da beti honen errudun bakarra. Benetako aldaketak geure buruan behar ditugu». Egiteko «asko» dagoela uste du: «Berdintasuna lortzeko ez dugu soldata berdina bakarrik behar… Familian eta gizartean ere aldaketak beharrezkoak dira, gure haurrek etxean ikusten dituzten lan banaketak alde batera utzi behar ditugu». «Esparru sozialean, eta ez laboralean bakarrik, berdintasuna lortzeko, pertsona bakoitzak nahi duena egiteko aukera izan behar du, eskubideak eta errespetua bermatuak izan behar ditu». Eta hala, «emakume batek hargina izan nahi badu edota gizon batek jostuna izan nahi badu normaltasun osoz hartzeko» deia egin du. Alde horretatik «pandemiak ez du eragin handirik izan» Mielgoren hitzetan, «mentalitateak nekez aldatzen dira…». Aldiz,  «genero indarkeria pairatzen duten emakumeen egoeran eragin latza izan duela» nabarmendu du, «eta hori ez dute komunikabideetan askotan salatu».

Berak garbi du elkartasuna dela bidea: «Pandemiaren aurrean, arazo gehienetan bezala, elkartasuna premiazkoa da. Gaixo dagoenari lagundu, adinekoei erosketak egiten lagundu…». Gizartean «aldaketa» behar dela sinetsita dago, eta «mentalitatea aldatzea» ezinbestekotzat jo du. Eta bide batez, «elkartasuna zabaltzearekin» batera, «bertan kontsumitzeko» deia egin du, «zonaldeko ekoizleei, ostalariei eta dendariei lagunduz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun