Aitortu digunez, «kolpe handia» hartu dute: «Egunerokoan jende artean egotera ohituak gaude eta itxita edukitze tristura handia da». Gehiago ere kontatu digu. Denbora honetan «ilusio falta eta pena» sentitu ditu, «giltzaperatuak bageunde bezala. Ahal dugunean mendira joatea asko gustatzen zaigu baina ezin dugu inorekin egon eta hori tristea da».
Etxekoak ere ez ditu atzendu Goñik. Izan ere, biloben hutsunea sumatu zuen joan den urteko itxialdian: «Bost biloba ditut. Bi gurekin bizi dira eta beste hirurak Leitzan. Konfinatuta egon ginenean bideo-deiak egiten genituen».
«Askotan ez gaude behar bezala baloratuak»
Reyes GOÑI MUTUBERRIA
Etxean ez du genero desberdintasunik sumatu. Pandemiak «senarrari eta bioi berdin eragin» diela aipatu digu: «betitik senarra eta biok aritu izan gara lanean. Senarrak kozinatu egiten du eta nik zerbitzatu, baina gainerako lanak bion artean egiten ditugu». Hala ere, jakitun da «ez direla gizonezkoak eta emakumezkoak beti baldintza berdinetan aritzen. Oraindik genero desberdintasuna nabaria da, nahiz eta pixkanaka egoera aldatzen ari den. Nik nire lanean ez dut arazorik izan, baina askotan ez gaude behar bezala baloratuak eta dena ez da indarra. Bizitza honetan gauza asko daude eta garrantzitsuena pertsonaren balioa da, berdin dio emakumezkoa edo gizonezkoa den».
Argi du: «Emakumea leku guztietan balore handikoa izan da eta da».