Natalia ARRETXEA, Izaro ALTZURI, Joseba GARZIA eta Eneritz LANZ

«Bertze herrietan bezala Sunbillan ere plaza eta frontoia irekitzea nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 2a, 17:00
Ezkerretik hasita, Natalia Arretxea, Izaro Altzuri, Joseba Garzia eta Eneritz Lanz.

Natalia ARRETXEA, Izaro ALTZURI, Joseba GARZIAeta Eneritz LANZ, Sunbillako plaza eta frontoia irekitzearen alde sortu duten lantaldeko kideak

Sunbillako Udalak plaza eta frontoia itxita mantentzeko erabakiak haserrea sortu du zenbait herritarren artean, «bertze herrietan egin dutena Sunbillan ez egitea, tristea, zentzurik gabekoa eta lotsagarria» iruditzen zaielako.

Gaia lantzeko lantaldea ere sortu dute, baita hainbat ate jo ere. Alde batetik, «urtarrilaren 7an herritarren 181 sinadura aurkeztu genituen», horrez gain, «otsailaren 19an kazerolada egin genuen» eta bertzetik, «Arartekora ere jo dugu». Lantaldeko kide diren Eneritz Lanz, Natalia Arretxea, Izaro Altzuri eta Joseba Garziarekin mintzatu da TTIPI-TTAPA.

Sunbillako Udalak plaza eta frontoia ez ireki izana salatu duzue. Azalduko zenigukete?
Joan den urteko martxoan, Sunbillako Udalak, bertze herrietan bezala, herriko espazio publikoak itxi zituen, kasu honetan, plaza, parkea eta frontoia. Normaltasun berrian sartu ginenean, gainerako herrietan egokitzen hasi ziren, baina hemen egoerak berdin segitu zuen. Irailean, ikasturtea hasi zenean, eskolak plaza erabiltzeko eskaera egin zion eta udalak baimendu zion. Gauza bera egin zuen guraso elkarteak eta urtero bezala, frontoiko bigarren solairua jangela gisa erabiltzeko eskaera egin zuen; udalak baimena eman zuen. Burbuilak mantentzeko obra ttiki batzuk egin zituzten eta kantxaren kasuan, bazkalondoan jostatzeko erabiltzen dute. Hiru entitateek eginiko elkarlanarekin erabat ados gaude. Bertze alde, momentu hartan irekiera bermatzen ahal zela ikusi genuen eta urrian, udalari parkea zergatik zegoen itxita eta plaza eta frontoian zergatik ez ziren herritarrentzako irekitzen galdetu genion.

Zein harreman duzue udalarekin?
Azaroan udalarekin lehenbiziko bilera izan genuen eta orduan azaldu genizkien lehenbiziko proposamenak. Eskola garbitzeko kontratatuak dituzten hiru langileekin, albintearekin edo gurasoon artean, parkearen garbitasuna bermatzeko hainbat proposamen adierazi genizkien. Bertze alde, eguneko sektorizazioa eginda, arratsaldez eta opor egunetan herritarrok plaza erabiltzeko eskaera ere egin genuen. Frontoiaren inguruko proposamenekin aitzinerago hasi ginen. Bertze herrietan bezala, ordua hartuta, frontoia kirola egiteko eskatu genuen. Ez dugu aldagelak, komunak edo harmailak erabiltzeko eskatzen. Kirola egiteko kantxa erabili nahi dugu, bertzerik ez, eta erran bezala, aitzinetik ordua hartuta.

«Plaza eta frontoiaren kasuan, araudia ezin dutela bete eta itxita mantenduko dituztela erran digu udalak»

N. ARRETXEA, I. ALTZURI, J. GARZIA eta E. LANZ

Zein izan zen udalaren erantzuna?
Eguberrietan parkea irekiko zutela erran ziguten, garbitasun neurriak bermatzen ahal zituztelako eta geroztik irekia dago. Baina plaza eta frontoiaren kasuan, araudia ezin zutela bete eta itxita mantenduko zituztela erran ziguten. Eskolak eta guraso elkarteak plaza eta frontoiaren erabilera hitzartua zutela, eta bertze talde edo entitateei ez zietela irekiko aipatu ziguten, espazio horiek beraiek bakarrik erabiltzeko akordioa egina dutelako, eta plaza irekiz gero, eskolako bi burbuila patiorik gabeko geldituko liratekeelako.

Eta zer gertatu zen?
Erabaki horrekin ez ginen ados gelditu, plazaren eguneko sektorizazioa bertze herrietan egiten dutelako, baita frontoiaren irekiera antolatua ere. Baina udalak ateak itxi zizkigun. Gurekin ez zirela bilduko erran ziguten, eta zerbait nahi bagenuen, epailearen aitzinera joateko erran ziguten, epaileak erabakiko zuela legez ireki behar zituzten edo ez. Guk, ordea, argi dugu ez dugula halako saltsarik nahi, plaza eta frontoia herritar guztientzat irekitzea baino ez dugu eskatzen, beti ere, eskola eta jangela ordutik kanpo.

«Udalak ateak itxi dizkigunez, plenoetara joan bertze aukerarik ez dugu izan»

N. ARRETXEA, I. ALTZURI, J. GARZIA eta E. LANZ

Plenoetara ere joan zarete...
Ateak itxi zizkigutenez, gure aukera bakarra plenoetara joatea izan da eta halaxe egin dugu, bi plenotara joan gara. Sinadura bilketa egitea ere erabaki genuen eta herritarren 181 sinadura bildu eta urtarrilaren 7an udaletxean aurkeztu genituen. Gure proposamena aztertuko zutela erantzun ziguten, eta gurekin, eskolarekin eta guraso elkartearekin bilduko zirela. Bilera ere egin genuen, baina espazio hauen kudeaketa udalarena denez, berdin segitzen dugu. Otsaileko plenoan proposamen landuagoa aurkeztu nahi izan genuen. Bertzeak bertze, lehentasuna eskolak eta guraso elkarteak izanen zutela azpimarratu nahi izan genuen eta horrekin batera, frontoiko ordutegia antolatzeko giza baliabiderik ez zutela errana zigutenez, herritar bat frontoiaren erabileraz arduratzeko prest zegoela jakinarazi nahi izan genien. Baina ezin izan genien proposamena bideratu, ez zigutelako plenoan solastatzen utzi.

Zein dira erabaki horren ondorioak?
Plazan ezin denez ibili, haurrak errepidean edo kotxeak ibiltzen diren tokietan aritzen dira jostetan eta eskapadaren bat edo bertze izan dira. Gaur egun eremu babestu bakarra plaza da haurrentzat... Eta frontoiaren kasuan, herrikoa itxita izanda, herritarrak bertze herrietara joaten dira frontoia erabiltzera. Ez dugu bertze munduko proposamenik egiten, bertze herrietako planteamenduak dira, eta zergatik ez Sunbillan?

Gai honekin zein giro sortu da herrian?
Badago irekitzearen alde dagoen jendea, eta kontrakoa ere izanen da. Baina momentuz egin ditugun bi ekintzetan babesa hartu dugu eta guretzat hori arrunt garrantzitsua da. Horrelako herri ttiki batean hamar egunez herritarren 181 sinadura biltzea handia izan zen eta otsailaren 19an kazerolada antolatu genuenean, jendeak arrunt ongi erantzun zuen. Hagitz kontent gaude, eta elkartasuna mantentzea nahi genuke, prozesu luzea eta zaila izaten ari baita guretzat.

«Gure proposamena erraza eta bideragarria da, baina udalaren aldetik ez dugu irekitzeko borondaterik ikusi»

N. ARRETXEA, I. ALTZURI, J. GARZIA eta E. LANZ

Hemendik aitzinera zein asmo dituzue?
Arartekoaren erantzunaren esperoan gaude. Badakigu udalari dokumentazioa eskatua diola eta ea zer erraten digun. Orain arte udala ez dela legez kanpoko deus egiten ari adierazi digu, espazio publikoen kudeaketa udalaren esku dagoelako. Baina bere erantzunak indarra eman diezaguke. Guk ere ez dugu legez kanpoko deus eskatzen. Gure eskariek araudia errespetatzen dute. Erraza eta bideragarria da, ez da batere konplikatua, baina udalaren aldetik ez dugu irekitzeko borondaterik ikusi. Hagitz egoera desatsegina da, tristea, lotsagarria eta zentzurik gabekoa. Gainerakoan, ikusiko dugu zein pauso ematen ditugun.

Egoera noiz arte luzatuko dela uste duzue?
Pandemia akitu arte luza daiteke. Udan, eskola akitzean, plaza irekiko dute, baina frontoia pandemia akitu arte itxita mantenduko dutela errana dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun