Malerrekako Euskara Zerbitzuak Kultur Zarea ekimena abiatuko du

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 24a, 15:00

Bideoetan Doneztebeko liburutegi publikoak eskaintzen dituen zerbitzuen berri emanen da.

Lehenbiziko ikus-entzunezkoa bihar ikusi ahal izanen da 09:00etatik aitzinera.

Malerrekako Euskara Zerbitzuak, Doneztebeko liburutegi publikoarekin eta Katubirekin lankidetzan, Kultur Zarea ekimena abiatu du. Egitasmo horren helburua euskal kulturari garrantzia eta ikusgarritasuna ematea da eta horretarako ikus-entzunezkoak zabalduko dituzte Bortzirietako eta Malerrekako Euskara Zerbitzuen Youtube kanalaren bidez.

Azaldu dutenez, aurten guztira bortz bideo landuko dituzte eta horien bidez Doneztebeko liburutegi publikoko zerbitzuen nondik norakoak azalduko dituzte. Horrez gain, bideoetan haur, gazte eta helduendako aholkuak emanen dituzte. 

Lehenbiziko ikus-entzunezkoa bihar

Zareko lehenbiziko kultur aletxoa bihar, ortsailaren 25ean, pantailaratuko dute 09:00etan. Marga Erdozainek, liburutegiko langileak, ikus-entzunezkoak maileguan hartzeko prozesua eta EFILM plataformaren bidez streaming bidez ikusteko azalpenak emanen ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun